Batzordeak pozik hartu du atzo Europako Parlamentuak eta Kontseiluak lortutako akordioa, zeinak EBko aduana-batasunaren eraberritze historikoa baitakar. EBren aduana-arauen erreforma hau 1968az geroztik egindako anbiziotsuena da: neurri berriak sartu ditu merkataritza elektronikorako, eta datuetan oinarritutako aduana-arkitektura moderno bat jarri du martxan, prozedurak sinplifikatu eta efizientzia hobetzen duena. Funtsezko hobekuntza horiekin, Europako aduanak prest egonen dira etengabe aldatzen den nazioarteko merkataritzaren testuingurura egokitzeko.
Aduana-agintaritzek erronka ugari dituzte gaur egun, hala nola balio txikiko merkataritza elektronikoko inportazioen gorakada, iruzurrerako eta produktu arriskutsuen arrisku handiagoa, merkataritzaren dinamika geopolitikoko aldaketak eta delinkuentzia antolatuak eta kontrabandoak eragindako mehatxuak. Aduanek funtsezko papera dute merkatu bakarraren eta hango herritarren segurtasuna mantentzeari dagokionez.
Erronka horiei erantzuteko, Batzordeak, 2023ko maiatzean, aduana-erreformen sorta global bat aurkeztu zuen, EB osoko aduana-eragiketa guztiak eguneratu eta integratzeko. Erreforma horrek hiru oinarri ditu: arriskuen eta aduana-kontrolen kudeaketa adimentsuagoak, merkataritza elektronikorako esparru moderno bat eta enpresekiko elkartze estuagoa. EBko aduana-agintaritza berri baten laguntzarekin, prozedurak digitalizatu eta sinplifikatuko dira, kostuak eta burokrazia murriztuko dira, ikuspegi uniformeagoa sustatuko da kanpo-mugetan, lineako plataformek kontu gehiago eman beharko dituzte eta hobeki babestuko da merkatu bakarra, arriskuak kudeatuz eta datuetan oinarrituriko betetze-mailaren kontrol sendoagoak aplikatuz.
Informazio gehiago online, prentsa oharrean, galde-erantzunen orrian eta informazio fitxan.