Europako Batzordeak martxan jarri du erosleak eta hornitzaileak elkartzeko lehen deialdia, Funtsezko Lehengaien Mekanismoaren esparruan. Plataforma baten bidez, funtsezko lehengaien erosleek aukera izanen dute eskaria gehitzeko eta hornitzaileekin, finantza-erakundeekin eta biltegiratze-hornitzaileekin harremanetan jartzeko.

Funtsezko Lehengaien Mekanismoa EBk funtsezko lehengaien hornidura dibertsifikatzeko egiten dituen ahaleginen parte da, betiere EBren Energia Plataforma dela oinarria. EBko industriak hein handi batean hirugarren herrialdeetako hornitzaile-kopuru mugatu baten mende jarraitzen duenez, ekimenaren xedea da zaurgarritasunak murriztea eta segurtasun ekonomikoa indartzea arrisku geopolitiko gero eta handiagoen testuinguruan, iturri alternatiboak ikusgai eginez. Enpresentzat —bereziki, txikienentzat—, lehendik dituzten sareez bestelako elkarteak sortzeko aukera ekarriko du.

Lur arraroetan, defentsan, baterietarako materialetan eta beste sektore estrategiko batzuetan zentratzen den eta merkatuan oinarritzen den borondatezko tresna honek lehendik dauden merkataritza-harremanak osatzen ditu, negoziazioei eragin gabe. Lehen txanda honetan parte hartu nahi duten enpresek izena ematen ahal dute apirila hondarraren aurretik.