Europako Batzordeak aurretiazko ondorioak bidali dizkio Googleri, Merkatu Digitalen Erregelamendua betetzeko proposamenak azaltzeko. Proposaturiko neurri horien arabera, Googlek aukera eman beharko luke hirugarrenen bilaketa-motorrek bilaketako datuetarako —adibidez, kokapenari, kontsultei, klikei eta ikustaldiei buruzko datuak— sarbidea izateko, bidezko kondizio arrazoizko eta ez-diskriminatzaileetan.
Neurrien helburua da hirugarrenen onlineko bilaketa-motorrek (edo «datuen onuradunek») bilaketa-zerbitzuak optimizatzea eta Google Search-ekin lehiatu ahal izatea.
Teresa Riberak, Trantsizio Garbi, Justu eta Lehiakorrerako presidenteorde exekutiboak, hau adierazi du: «Espero dugu gaurko erabakian xedatutako espezifikazioek balio izatea Googlek Merkatu Digitalen Erregelamenduaren arabera dituen betebeharrak bete ditzan. Datuak funtsezko elementua dira onlineko bilaketetan eta zerbitzu berrien eta AAren garapenean. Datu horietarako sarbidea ez da mugatu behar lehia kaltetzeko moduan. Bilakaera bizkorreko merkatuetan, aldaketa txikiek ere inpaktu handia izaten ahal dute berehala. Ez dugu onartuko merkatua ixtea eta hautatzeko aukerak mugatzea eragiten ahal duten praktikarik. Orain, alderdi interesdunak gonbidatzen ditugu beren ikuspuntuak partekatzera, bermatu ahal izateko neurriak eraginkorrak direla praktikan eta bilaketa-ekosistema osoan funtzionatzen dutela».
Henna Virkkunenek, Subiranotasun Teknologikoaren, Segurtasunaren eta Demokraziaren presidenteorde exekutiboak, zera adierazi du: «Bilaketa-motorretako berrikuntza ezinbestekoa da erabiltzaileen premien bilakaeraren erritmoari jarraitzeko. Lanean jarraitzen dugu sektorean aukerak sortzen jarraitzeko, eta AAko zerbitzuekiko lotura gero eta handiagoa da funtsezko une honetan. Kontsulta publiko honen bidez, jakin nahi dugu merkatuak zer iritzi duen Googlek bilaketako datuak onlineko bilaketa-motorren hornitzaile lehiakideekin partekatzeko modu eraginkorrenei buruz, berrikuntza eta konpetentzia leiala sustatzen jarraitzeko».
Proposaturiko neurrien efikazia bermatze aldera, Batzordeak alderdi interesdunak gonbidatu ditu gaiaren inguruan dituzten oharrak kontsulta publiko baten bidez aurkeztera.