Merkatuek Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz duten hegakortasuna eta Ormuzko itsasartea itxi dela kontuan hartuz, Europako Batzordeak estatu kideei eskatzen die modu egoki eta koordinatuan presta daitezela EBn petrolioaren eta petrolio-produktu finduen hornidura bermatzeko.
Europar Batasunak erantzun-ahalmen ona du, estatu kideek petrolio-erreserbak eta kontingentzia-planak edukitzeko betebeharra baitute , horniduraren segurtasunari eragiten dioten gorabeherei aurre egiteko. EBko estatu kideek % 20ko ekarpena egiten dute, gutxi gorabehera, larrialdietarako petrolio-erreserben 400 milioi upel baino gehiago zirkulazioan jartzeko, Energiaren Nazioarteko Erreserbak (ENE) koordinatuta.
Dan Jørgensen Energia eta Etxebizitzako komisarioak honako hau baieztatu zuen: «Horniduraren segurtasuna bermatuta dago Europar Batasunean. Baina prest egon behar dugu energiaren nazioarteko merkataritzaren asaldurak denbora luzez jarraitzen badu ere. Horregatik egin behar dugu zerbait orain bertan. Eta elkarrekin aritu behar dugu, benetako Batasun baten moduan. Elkarrekin lan eginez bakarrik izaten ahal gara indartsuak, gure herritarrak eta enpresak efikazia handiagoz babesteko».
EBko energia-ministro guztiei zuzenduriko gutun batean, Komisarioak estatu kideak bultzatu zituen ahalik eta gehien aprobetxatzera Energiaren Batasuneko Petrolioaren Koordinazio Taldearen eta Segurtasunari buruzko Lantaldearen esparruko bilerak, koordinazio on bat bermatze aldera, eta aholkatu die, halaber, kontuan izateko eskaeraren inguruko aurrezki-neurrien sustapena, arreta berezia jarriz garraioaren sektoreari, ENEk petrolioaren kontsumoa murrizteko 10 puntuko planean gomendatzen duenari jarraikiz.
Ezinbestekoa da oraindik jarraipen sendoa egitea eta informazioa eta koordinazioa trukatzeko mekanismo bizkorrak aplikatzea. Edozein larrialdi edo aldaketa esanguratsu gertatzen denean petrolio-horniduraren kondizioetan eta industrian (barnean direla merkataritza-erreserbak), jarraipena egin eta Batzordeari jakinarazi behar zaio, etengabeko ebaluazioa eta ekintza koordinatua bermatzeko.
Jarrera horrekin berarekin, estatu kideek ez dute neurririk hartu behar erregaiaren kontsumoa areagotu dezakeenik, petrolio-produktuen zirkulazio librea mugatu dezakeenik eta Batasunaren findegien ekoizpena pizgarririk gabe uzten ahal duenik. Kontsulta egin behar diote, halaber, beren ondoko estatu kideei eta Batzordeari, koherentzia mantentzeko EBn eta barne-merkatuaren funtzionamenduari eusteko.
EBren merkatuan petrolio-produktuen eskuragarritasuna babesteko, presazkoak ez diren mantentze-lan guztiak geroratu behar dira findegietan. Era berean, bioerregaiak erabiltzea lagungarria izaten ahal da petrolio-produktu fosilak ordezteko eta merkatuarekiko presioa arintzeko.