Europako Batzordeak 2026ko deialdia ireki du Marie Skłodowska-Curie (MSCA) doktoratu ondoko beketarako, 399,05 milioi euroko aurrekontuarekin. Beka hauek doktoregoa bukatuta duten ikertzaileei laguntzen diete atzerrian iker dezaten eta gaitasun berriak eskura ditzaten hainbat diziplina eta sektoretan. Ikertzaileek onura aterako dute abangoardiako talde zientifikoekin lan eginez, eta EBren lehiakortasunari lagunduko diote puntako ikerketaren bidez. Eskabideak aurkezteko epea gaurtik aurrera dago irekita, eta 2026ko irailaren 9an itxiko da.

1996an sortu zenetik, 150.000 ikertzailek baino gehiagok parte hartu dute Marie Skłodowska-Curie ekintzetan, horien artean 23 Nobel saridunek. Horrek agerian uzten du ekarpen zabala egin dietela bikaintasun zientifikoari eta nazioarteko lankidetzari.

Deialdi hau 2026an MSCAra bideratutako 1250 milioi euroen parte da, Horizonte Europa 2021-2027 programaren esparruan, ikerketan bikaintasuna sustatzeko, «Choose Europe» ekimenean nabarmentzen den bezala. Finantzaketa horren bidez, MSCAk ikerketa babesten jarraituko du, doktoregoko eta doktoratu ondoko programen, ikerketa-beken eta ikerketako eta berrikuntzako lankidetza-proiektuen bidez.

Programaren legatutik abiatuta, urteurrena 2026an zehar ospatuko da, «Mundua aldatzen duen 30 urteko jakin-mina» lelopean, eta programaren lorpenak eta ikerketa-karreretan duten eragina nabarmenduko dira. Istorioak, mugarriak eta une nabarmenak aurkezten dira jada urteurrenari buruzko webgune batean, MSCA komunitatearen ekarpenekin batera, Hélène Langevin-Joliot doktorearekin –Marie Skłodowska-Curieren bilobarekin– egindako elkarrizketa bat barne, besteak beste.

Ikertzaileen prestakuntzan eta garapen profesionalean inbertitzea.

MSCA doktoratu ondoko beken deialdiaz gain, Batzordeak bi MSCA deialdi eginen ditu 2026an, ikertzaileen prestakuntzari laguntzeko eta Europako ikerketa-karrerak indartzeko:

  • MSCA doktorego-sareak (2026ko maiatzaren 28tik azaroaren 24ra): 593,03 milioi euro, doktoregaiak erakartzeko eta prestatzeko, esparru akademikoan eta beste sektore batzuetan, hala nola industrian, enpresetan eta administrazio publikoetan. Programak, halaber, baterako doktoregoak eta industria-doktoregoak ere barne hartzen ditu, eta, horrela, ikertzaileei eskumen transferigarri ugari ematen zaizkie, eta haien perspektiba profesionalak hobetzen dira.
  • MSCA Choose Europe for Science (2026ko abenduaren 8a – 2027ko apirilaren 6a): 51,25 milioi euro Europako ikerketa-karreren erakargarritasuna handitzeko; horretarako, prekaritate gaiari heltzen zaio, lan-baldintza bikainak eskaintzen dira, eta ikerketaren eta berrikuntzaren sektoreko talentua irabazten da, kanpora joateko joera frenatuz. Proiektuak babestuko ditu, baldin eta erakunde akademikoek eta ez-akademikoek doktoratu ondoko ikertzaileak kontratatzen eta kofinantzatzen badituzte, proiektuaren aldiaz harago enplegua emateko ikuspegiarekin. Deialdi honek 2025eko ekintza pilotuari jarraipena emanen dio, eta pilotu horren emaitzak datozen asteetan argitaratuko dira.

Beste bi MSCA 2026 deialdi egin ziren iazko amaieran:

  • MSCAko langileen trukeak (itxiera: 2026ko apirilaren 16an): 97,92 milioi euro, lankidetzako ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak finantzatzeko, nazioarteko, sektorearteko eta diziplinarteko trukeak eta ezagutza-trukea sustatze aldera berrikuntza-katearen etapa guztietan.
  • MSCA COFUND (2026ko apirilaren 8an amaitu zen): 105,46 milioi euro, erakundeei doktorego-prestakuntzako programak eta doktoratu ondoko bekak sortzen edo hobetzen laguntzeko. Helburua da talentua duten ikertzaileak erakartzea; horretarako, haien trebetasunak garatzen dira, eta karrera profesionalak bultzatzen.