Europako Batzordeak DiscoverEU programaren beste deialdi bat jarri du abian. Programak Europa trenez esploratzeko aukera ematen die 18 urteko milaka gazteri, garraioagatik ezer ordaindu gabe. Gaur ireki da deialdia 12:00etan (Erdialdeko Europako ordua), eta 2026ko apirilaren 22an itxiko da 12:00etan (Erdialdeko Europako ordua), Gazteen Europako 2026ko Astearen hasierarekin bat.
Guztira, 40.000 bidaia-bonu daude. Irabazleek trenez bidaiatzen ahalko dute, gehienez 30 egunez, 2026ko uztailaren 1etik 2027ko irailaren 30era. 2007ko uztailaren 1etik 2008ko ekainaren 30era bitartean jaiotako gazteek EBri buruzko bost galderari eta beste galdera osagarri bati erantzun behar dizkiete Europako Gazteriaren Atarian, hautagaitza aurkeztu nahi izanez gero. Batzordeak bidaia-bonuak emanen dizkie hautagaiei, puntuazioaren arabera, harik eta bonuen kopurua agortu arte.
Europar Batasuneko gazteek ez ezik, Erasmus+ programako kide diren herrialdetakoek ere eskatzen ahalko dute; besteak beste, Islandiakoek, Liechtensteinekoek, Ipar Mazedoniakoek, Norvegiakoek, Serbiakoek eta Turkiakoek. Txartelen titularrek ibilbide propioak planifika ditzakete, edo proposatutakoei jarraitu, hala nola DiscoverEU ibilbide kulturala, arkitekturan, musikan, arte ederretan, antzerkian, modan eta diseinuan nabarmendutako hainbat helmuga kultural konbinatzen baititu.
DiscoverEUk laguntza gehigarria ematen die desgaitasun edo osasun-arazoren bat duten edo ingurune sozioekonomiko ahuletatik datozen parte-hartzaileei. Laguntza horren adibideak dira laguntzaileekin bidaiatzea edo finantzaketa gehigarria eskuratzea DiscoverEU inklusio-ekintzaren bidez.
DiscoverEUk treneko bidaia jasangarriak sustatzen baditu ere, xedapen bereziak daude uharte, eskualde ultraperiferiko, itsasoz haraindiko herrialde eta lurraldeetatik eta urruneko eremuetatik datozen gazteentzat.
Informazio gehiago dago online prentsa-oharrean.