Europako Batzordeak proposamen-deialdi bat abiarazi du, EBko gaien ikus-entzunezko estaldura eta plataforma digitaletako estaldura paneuroparra babesteko Europako hedabideei dagokienez.

Urteko deialdi honek 16,6 milioi euroko zenbatekoa du. EBko herritarrei beren intereseko albisteak eskainiko dizkie, kalitatea eta informazioaren inpaktua babesten direlarik, ahalik eta EBko hizkuntza eta herrialde gehienetan; bereziki, halako eskaintza urria den herrialdeetan.

Deialdia hiru lerro tematikotan banatzen da: 8,5 milioi euro esleituko dira Batasuneko gaiei buruzko ikus-entzunezko albisteen estaldura eta eskuragarritasuna areagotzeko proiektu batera; 3,1 milioi euro bideratuko dira Batasuneko herrialde jakin batzuetan nazioarteko albiste-zerbitzuak garatzeko proposamen batera, pluralismo mediatikoa, merkatuaren pluraltasuna eta edukien dibertsitatea hobetzeko; eta beste 5 milioi euro izanen dira modu profesionalean ekoitzitako lineako informazio fidagarrirako sarbidea hobetuko duten proiektuetarako.

Deialdia irekita izanen da 2026ko ekainaren 2a arte, bai eskatzaile indibidualentzat, bai partzuergoentzat. Erakundeek EBko estatu kideetan izan behar dute egoitza, eta jarduerak Batasuneko lurraldean egin beharko dira. Hedabideen onuradun guztiek independentzia editorial osoz aritu behar dute.

Proposamenen deialdi hau Europako ikuspegitik EBko informazio orokorra, albisteak eta programak finantzatzen dituzten Batzordearen multimedia ekintzen parte da. Kontsultatu online deialdiari buruzko informazio guztia.