Europako Batzordeak 1.500 milioi euroko lan-programa bat onetsi du Europako Defentsa Industriarako Programaren (EDIP) esparruan, Europako defentsa-industria hobetzeko eta modernizatzeko, ekoizpen-ahalmena sustatzeko eta aurrerabide teknologikoa eta erresilientzia bermatzeko.

EDIPek Europako defentsa- eta segurtasun-arloetan premiazkoak diren erronkei heltzen die: industria-ekoizpeneko gaitasunak sustatzen ditu, Ukrainarekiko lankidetza indartu, Europako baterako kontratazioa bultzatu, eta interes komuneko Europako defentsa-proiektuak garatu. Hori urrats esanguratsua da Europako segurtasuna hobetzearen aldeko ahaleginetan.

Henna Virkkunenek, Europako Batzordeko Subiranotasun Teknologikoaren, Segurtasunaren eta Demokraziaren presidenteorde exekutiboak, zera adierazi du: «Europako Defentsa Industriarako Programaren esparruan lan-programa ezartzea funtsezko urratsa da Europaren defentsa-gaitasunak sendotzeko. Ekimenak erakusten du berrikuntzan eta lankidetzan jartzen dugula arreta, eta beharrezko den oinarri teknologikoa indartzen dugula egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Alderdi interesdun guztiekin lankidetza estuan aritzea espero dugu, programaren helburuak eraginkortasunez erdietsiko direla bermatzeko».

Defentsa eta Espazioko komisario Andrius Kubiliusek hau adierazi du: «Hilabete gutxi batzuetan, berehalako aukera bihurtu dugu EDIP erregelamendua. Orain, estatu kideek, Norvegiak eta —lehen aldiz EBko defentsa-programa industrial batean— Ukrainak eta haien industriek finantzaketa-aukerak aprobetxa ditzakete defentsaren arloko lankidetza indartzeko eta ekoizpena bultzatzeko. EDIPen esparruan, interes komuneko Europako defentsa-proiektuak sortzea eta finantzatzea ere urrats erabakigarria da Europaren defentsa-gaitasuna indartzeko».

2026ko martxoaren 31tik aurrera egonen da eskuragarri EDIPen proposamen-deialdien lehenengo txanda EBren Finantzaketa- eta lizitazio-atarian.

Informazio gehiago prentsa-oharrean.