Europako Batzordeak adina egiaztatzeko aplikazio berri bat iragarri du: adingabekoak online babesteko diseinatu da eta inplementatzeko prest da dagoeneko. Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak duela gutxi adierazpen batean baieztatu zuenez, teknologia prest dago eta laster izanen da herritarrek erabiltzeko moduan. Aplikazioak erabiltzaileei aukera emanen die beren adina frogatzeko onlineko plataformetan sartzean, eta, hala, adingabekoak eduki kaltegarri eta desegokietatik babesten lagunduko du.
Haurrek inoiz baino denbora gehiago ematen dutenez online, haien segurtasuna oinarrizko kezka bilakatu da, jazarpen orokorraren eta plataformen diseinu adiktiboaren ondorioz. Eduki kaltegarri eta legez kontrakoarekiko esposizioa eta onlineko predatzaileen jazarpena prebenitzeko, Batzordeak Europako soluzio berritzaile bat proposatzen du. Adina egiaztatzeko aplikazio berria erabiltzen erraza da eta pasaporte edo nortasun-agiri baten bidez konfiguratzen ahal da. Horri esker, erabiltzeek beren adina frogatu dezakete lineako zerbitzuetan sartzean. Aplikazioa erabat anonimoa da, edozein gailutan funtzionatzen du eta kode irekikoa da; hau da, mundu osoko herrialde bazkideek ere hura aplikatzeko aukera dute.
Haurren lineako segurtasuna hobetzeko doako soluzio erabilerraz bat da aplikazioa, lineako plataformentzat fidagarria erabat. Aplikazioa beren diru-zorro digital nazionaletan integratzeko asmoa dute jada EBko herrialde batzuek, eta Batzordeko presidenteak EBko herrialde gehiago eta sektore pribatua ere animatu zituen gauza bera egitera.
Mundu digitala haurrentzat seguruago egiteko konpromisoarekin jarraitzen du EBk. Adina egiaztatzeko aplikazioaren bidez, adingabekoak babesteko eta onlineko plataformei erantzukizunak exijitzeko urrats erabakigarriak egiten ari da EB, haurren segurtasuna interes komertzialen gainetik jartzea lehentasun gisa indartuz.