Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen Australiara joanen da, are gehiago sakontzeko EBren eta Australiaren arteko lankidetzan, zeina ongi finkatuta baitago jada. Presidentearekin batera, Merkataritza eta Segurtasun Ekonomikoko komisario Maroš Šefčovič izanen da, eta bi alderdiek merkataritza libreko akordio baten azken kapituluak negoziatuko dituzte. Akordio horrek modu esanguratsuan indartuko du Europako eta Australiako herri eta enpresen arteko lotura. Negoziazio horien bitartez, besteak beste, EB ahalegina egiten ari da independenteagoa izateko, bere barne-lehiakortasuna indartzeko eta akordio eta bazkideen mundu-mailako sare fidagarri bat sortzeko.
Aukera bikaina izanen da, halaber, segurtasun- eta defentsa-arloan Australiarekin egindako elkartzeko akordioa ezagutarazteko.
Astearte goizean, 10:00etan (AEST), Batzordeko presidente Von der Leyen Australiako lehen ministro Anthony Albaneserekin bilduko da Canberran. Merkataritza-harremanez hitz egiteaz gain, espero da ere eztabaidatzea nola lankidetza handiagoak (segurtasun eta defentsaren arloan, lehengaienean eta berrikuntzarenean, trantsizio energetikoa eta digitala sustatzeko) EBren eta Australiaren erresilientzia areagotzen ahal duela garai geopolitikoki nahasi honetan. Presidenteak eta lehen ministroak adierazpenak eginen dituzte bilera baino lehen, eta prentsaurreko batean parte hartuko dute gero, 11:45ean (AEST). Bileraren ondotik, eguerdi aldera, Von der Leyen presidenteak eta lehen ministro Albanesek Australiako parlamentuaren osoko bilkura batean parte hartuko dute, eta hitzaldi bana emanen dute. Presidentearen adierazpenak eta hitzaldia zuzenean emanen dira EBS bidez. Arratsaldean, presidenteak funtsezko lehengaiei buruzko mahai-inguru batean parte hartuko du Europako eta Australiako ordezkari politiko eta enpresarialekin.
Asteazkenean, presidenteak Garden Islandeko itsas armadaren barrutiko base militarra bisitatuko du. Segurtasunaz arduratzen diren funtzionario australiarrekin eta defentsaren sektoreko eta sektore aeroespazialeko Europako enpresa-ordezkariekin bilduko da. Eta 12:00etan (AEST), hitzaldi bat emanen du European Australian Business Councilek antolatutako ekitaldi batean.
Sare sozialetan ikusten ahalko duzu presidentearen informazio eguneratua. Bisitaren ikus-entzunezko materiala EBSn egonen da eskuragarri.