Nafarroako Gobernuko Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak beste dirulaguntza-deialdi bat argitaratu du astelehen honetan, Europako estrategiak eta politikak Foru Komunitateko herritarren artean zabaltzeko, 50.000 euroko inbertsioarekin. Zehazki, dirulaguntzak irabazi-asmorik gabeko enpresa eta erakundeei zuzenduta daude, eta helburua Europar Batasunean lehentasunezko politika eta estrategiei buruzko informazioa zabaltzea da.
Aurrekontua bi lerro nagusitan banatzen da: bata, 25.000 eurokoa, enpresek egindako jardueretarako da, eta bestea, kopuru berekoa, irabazi-asmorik gabeko erakundeen ekintzetarako. Dibulgaziozko ekimenak garatzea da helburua; besteak beste, hitzaldiak, elkarguneak eta mahai-inguruak.
Baldintza gisa ezarri da mota horretako ekimenetan parte hartzen duten hizlarietako bat gutxienez Europako eremukoa izatea, lantzen den gaiari buruzko Europako ikuspegia emateko. Testuinguru horretan, deialdian aurreikusten da Europako erakunde, instituzio eta agentzietako pertsonen parte-hartzea, baina baita Europako sareetako, lankidetza-erregimenetako eta beste estatu kide batzuetako proiektuetako pertsonena ere.
Deialdi honetan diruz laguntzeko moduko gastutzat jotzen dira ekitaldiak antolatzeko eta azterketa eta jarduerak martxan jartzeko behar direnak. Zehazki, oinarrietan aipatzen dira zerbitzu tekniko eta profesionaletan egindako inbertsioak, bidaiak, ostatu-gastuak eta jarduera egikaritzeko beharrezko den mugikortasunari loturiko beste gatzuk eta ekitaldi eta jardunaldiei lotutako catering-gastuak.
Proiektu bakoitzeko, gehienez ere 5.000 euroko aurrekontua lagunduko da diruz.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Telematika bidez aurkeztu behar dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa egokia erabiliz:
Nafarroako Gobernuaren 2025-2028 aldirako Kanpo Ekintzako II. Planaren 1. ardatzaren esparruan garatu da jarduketa, eta haren helburua da Nafarroaren presentzia areagotzea Europan eta, era berean, Europari buruzko ezagutza hobetzea Nafarroan.
Jarduerek, dirulaguntza jaso ahal izateko, Europako Batzordeak 2025-2029 aldirako lehentasunezkotzat ezarritako ardatzetakoren bati buruzkoak izan behar dute.
Hala, deialdian sartzen dira, beste gai batzuen artean, Industria Itun Garbia, ekonomia zirkular eta erresilientea eta teknologia digitala zabalduz produktibitatea sustatzea. Alderdi sozialari dagokionez, lehentasunezko gaiak dira, besteak beste, justizia soziala, gazteentzako laguntza eta berdintasuna.
Bestelako gai batzuk aipatzearren, diruz laguntzen ahalko dira bizi-kalitatea, elikadura-segurtasuna, klima-aldaketa, demokraziaren defentsa, zuzenbide-estatua indartzea, kanpo-politika ekonomikoa eta multilateralismoa.
Deialdiaren eskakizun eta espezifikazioei buruzko informazio gehiago lortzeko, testu osoa kontsultatzen ahal duzue Nafarroako Aldizkari Ofizialean.