Iruñeko Baluarte Kongresu Jauregian izan da, astearte honetan, TRANSIS LAB Europako proiektuaren III. Topaketa, batez ere landa-inguruneetan zaintzen berrikuntza soziala bultzatu nahi duen mugaz gaindiko ekimena.
Administrazio publiko, erakunde sozial, unibertsitate eta zaintzaren sektoreko enpresetako ordezkariak elkartu dira jardunaldian, gaur egungo erronka nagusietako batzuei erantzutera bideratutako lanerako gune partekatu batean; halako erronka batzuk dira, besteak beste, biztanleriaren zahartzea, mendekotasuna areagotzea, hautatu gabeko bakardadea eta osasun mentaleko arazoak.
Javier Remírez lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak inauguratu du jardunaldia, Iván Larraza Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoa Saileko kontseilariordearekin eta Hautes-Pyrénées eskualdeko Autonomiarako Departamentuko zuzendari Frédéric Bousquetekin batera.
Javier Remírez Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak adierazi duenez, “gaur egungo erronka da zatikatze instituzionala gainditzea eta zaintza-eredu integratu baterako bidean aurrera egitea, zeinean osasun- eta gizarte-sistemek modu koordinatuan lan eginen baitute”. Bestalde, nabarmendu du premiazkoa dela “pertsona erdigunean jartzea, erantzuna haren errealitatera egokituz eta haren duintasuna, autonomia eta ongizatea lehenetsiko dituen etengabeko arreta bermatuz”. Bestalde, TRANSIS LAB proiektuaren papera aldeztu du esanez funtsezko tresna dela eredu-aldaketa horretan aurrera egiteko, eta nabarmendu du “erronka handiek lankidetza, konfiantza eta ikuspegi partekatua” behar dituztela.
Saioari hasiera emateko, Alfonso Lara European Social Network erakundeko zuzendariak bizitza-luzerari buruzko esparru-hitzaldi bat eman du, eta, ondotik, berrikuntzan eta lurraldeen arteko truke-esperientzietan zentraturiko lanerako gune batzuk izan dira. Gainera, bizitza-luzeraren arloko berrikuntza-esperientziei buruzko mugaz gaindiko elkarrizketak izanen dira egunean zehar, baita berrikuntza-politiken eta ekitatearen ikuspuntuaren araberako komunitate-loturak sortzeari buruzko laneko mahaiak ere.