Berritasun gisa, gune bat egon da Nafarroa bazkide duten mugikortasun-arloko Europako bi proiektuei zuzenduta: Zero Carbon Infrastructure (ZCI), Interreg-Europeren kontu; eta Phyrene, Interreg-Poctefa programak finantzatuta.
Phyrene proiektuari dagokionez, Nafarroako Gobernuko Administrazio Jasangarriaren Ataleko buru Iker Esparzak “Movilidad, hidrógeno y cooperación transfronteriza en los Pirineos” mahai-inguruan parte hartuko du bihar, osteguna, POCTEFA PHYRENE proiektuaren esparruan. Aurretik, Okzitaniako Eskualdeko Energia eta Klima Agentziak errepideko garraioa hidrogeno berriztagarriaren bitartez deskarbonizatzeari buruz egin duen azterketa aurkeztuko du. Haren arabera, hidrogeno-estazioak jarriko lirateke Espainia, Frantzia eta Andorra arteko muga osoan.
Gainera, Energiaren Euskal Erakundeak antolatutako Hidrogenoaren Euskal Korridoreko mugikortasun-bertikaleko VII. Topaketan parte hartuko dutenak azokan barrena ibiliko dira, eta Nafarroako standean geldituko dira, hidrogenoaren geoataria ezagutzeko. Tresna digital interaktibo hori Pirinioetako Lan Komunitateak (CTP) sustatzen du, bai eta PHYRENE proiektuak ere, zeinak hidrogeno berriztagarriaren balio-katea mapatzen baitu Pirinioetako eskualdean. Geoatariak 800 enpresa baino gehiago, ikerketa-zentroak eta 280 proiektu aktibo ditu Espainian, Frantzian eta Andorran, garapen ekonomikoa eta trantsizio energetikoa bultzatzeko.