Europako Batzordeak 2025eko zirkulazio-istripuek eragindako heriotzei buruzko aurretiazko kopuruak argitaratu ditu, eta 19.400 heriotza ingururen berri eman du. Datu horren arabera, heriotzek % 3 egin dute behera 2024koen aldean, eta, horrenbestez, 580 pertsona gutxiago hil dira Europako errepideetan. Kontuan izanik ibilgailu gehiago ibili dela eta kilometro gehiago egin direla EBko errepideetan, lorpen esanguratsua da. Hala ere, aurretiazko datuek azpimarratu dute ahalegin etengabea behar dela maila guztietan, estatu kide gehienak oraindik ez baitaude hemendik eta 2030era errepideetako heriotzak eta lesio larriak erdira murrizteko EBren helburua lortzeko bidean.
Bide-segurtasunaren inguruko aurrerapausoak asko aldatzen dira herrialde batetik bestera.
2025ean, estatuaren emaitzak EBren batezbestekoa baino hobeak izan ziren: 36 hildako milioi bat biztanleko. Hala ere, Batasunaren batezbestekoarekin konparatuz, heriotzen proportzio erlatiboki altua du estatuak bi gurpileko ibilgailu motordunen (% 27) eta autobideen (% 19) kasuan. 2019an, bidearen erabiltzaile zaurgarriek (oinezkoak, txirrindulariak eta motoziklistak) heriotzen % 50 gainditu zuten lehenbizikoz. Distrakzioa eta alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzea izan ziren istripu-kausa ohikoenak. 2019 eta 2025 bitartean, % 1 egin zuten gora errepideko heriotzek (2030erako behar den % 50eko jaitsieraren ordez). Beraz, estatua ez dago 2030erako helburuak lortzeko bidean. Soluzio posible bat izanen litzateke bide-segurtasuneko estrategiako ekintzen inplementazio-maila berrikustea eta neurriak sendotzeko aukera kontuan hartzea.
2024 eta 2025 bitartean, jaitsiera nabarmenak izan ziren Estonian (–% 38) eta Grezian (–% 22). Aurretiazko datuetan oinarrituta eta batzuetan partzialak izaten ahal direla kontuan hartuz, Belgika, Bulgaria, Danimarka, Polonia eta Errumania hemendik eta 2030era errepideko heriotzak % 50 murrizteko helburua lortzeko bidean daude gaur egun. Aurrerapen horiek gorabehera, EBko heriotza-tasa handienetariko bat izaten jarraitzen du Errumaniak, Bulgariarekin eta Kroaziarekin batera. Suediak eta Danimarkak izan zituzten errepiderik seguruenak 2025ean eta aurreko urteetan, heriotza-tasak milioi bat biztanleko 20 eta 23 heriotzakoak izan zirelarik, hurrenez hurren.
Kalkuluen arabera, heriotza bakoitzeko, bost pertsonak zauri larriak jasaten dituzte. Beraz, urtean 100.000 pertsonak jasaten dituzte lesio larriak zirkulazio-istripuetan EB osoan.
Bide-segurtasuna EBren eta estatu kideen arteko erantzukizun partekatua da. Estatu- eta toki-agintaritzek egiten dute eguneroko lanaren parterik handiena, eta EBk segurtasun-arauak jartzen ditu azpiegitura eta ibilgailuentzat eta gidatze-proba eta baimen-emakidentzat, agintaritzen arteko mugaz gaindiko lankidetza eta jardunbide onenak trukatzeko ahaleginak koordinatzen ditu eta bide-segurtasuneko proiektuak finantzatzen ditu. Hauek dira EB osorako egindako azken ekimenetako batzuk: gidabaimenetarako eskakizun eguneratuak eta zirkulazio-arauak mugaz gaindi hobeki aplikatzeko eskakizunak eta zirkulaziorako egokitasunaren ibilgailuentzako baldintzak hobetzeko proposamen bat.
2025eko aurretiazko datuetan oinarritzen dira gaurko zenbatekoak. Batzordeak udazkenaren hondarrean argitaratuko ditu emaitzak.
Informazio gehiago onlineko prentsa-oharrean.