Europar Batasunak gaur Mercosurreko herrialdeei jakinarazi die EB-Mercosur Merkataritzako Bitarteko Akordioaren behin-behineko aplikazio-tresnaren berri.

Mercosurreko itunen legezko zaindari Paraguairi ahozko oharra bidalita, Europako Batzordeak azken prozedura-urratsa egin du akordioa behin-behinean aplikatzeko, Kontseiluaren urtarrilaren 9ko Erabakiarekin bat etorriz.

Horrenbestez, Merkataritzako Bitarteko Akordioa behin-behinean aplikatuko da maiatzaren 1etik aurrera, EBren eta berrespen-prozedurak osaturik martxoa burutu baino lehen EBri jakinarazten dioten Mercosurreko herrialde guztien artean. Argentinak, Brasilek eta Uruguaik dagoeneko egin dute. Paraguaik akordioa berretsi berri du, eta laster jakinarazpena bidaltzea espero da.

Behin-behineko aplikazioak produktu jakin batzuen gaineko muga-zergak lehen egunetik kentzea bermatzen du, aurreikus daitezkeen arauak sortuz merkataritzarako eta inbertsiorako. EBko enpresak, kontsumitzaileak eta nekazariak akordioaren onurak aprobetxatzen hasten ahalko dira berehala, eta EBko ekonomiaren sektore sentikorrak babes sendoen bidez babestuta egonen dira.

Behin-behineko aplikazioak bermatuko du, halaber, EBren eta Mercosurren arteko lankidetza handiagoa izatea munduan premiazkoak diren zenbait gaitan, hala nola lan-eskubideetan eta klima-aldaketan. Hornidura-kate erresiliente eta fidagarriagoak sortuko ditu, bereziki funtsezko lehengaien fluxu aurreikusgarrirako.

Esportatzaileek «Access2Markets» plataforman lortzen ahal dute akordioa aprobetxatzeko moduari buruzko informazio gehiago. Informazio guztia laster egonen da eskura online.