Baso-suteak gero eta zabalagoak, ohikoagoak eta suntsitzaileagoak direnez, Europako Batzordeak baso-suteen arriskua kudeatzeko ikuspegi integratu berri bat aurkeztu du. Prebentzioa, prestaketa, erantzuna eta leheneratzea barne hartzen ditu estrategiak. Ikuspegi integral horri esker, hobetu eginen da Europak baso-suteen arrisku gero eta handiagoaren aurrean duen erresilientzia, eta babestuago egonen dira bai Europako herritarrak, bai Europako ingurumena, bai eta gure azpiegiturak eta kultura-ondarea ere.
Batasunaren Prestaketa Estrategiarekin bat etorriz, Komunikatuak orientabideak ematen ditu baso-suteekin lotutako prebentzioa, prestaketa, erantzuna eta leheneratzea hobetzeko, eta adibideak eta gomendioak biltzen ditu nazio- eta eskualde-agintariek eta beste alderdi interesdun batzuek esparrua aplikatzeko.
Baso-suteen hedadurak eta indarrak kontinente osoan okerrera egitea espero da. 2025ean, Europak baso-suteen denboraldirik kaskarrena izan zuen erregistroak daudenetik: milioi bat hektarea baino gehiago kiskali ziren klima-aldaketa areagotzeagatik eta beste faktore batzuengatik. Horrenbestez, ezinbestekoa da Europako natura leheneratzea, ekosistema osasungarriak erresilienteagoak baitira baso-suteen aurrean.
Hori dela eta, Batzordeak bereziki azpimarratzen du prebentzioa. Ekosistemetan oinarritutako baso-suteak prebenitzeko neurriei ematen dien babesa sendotzea proposatu du. Helburua da suteekiko paisaia erresilienteak sortzea eta baso-suteen arriskua eta eragina arintzea, natura babestuta eta leheneratuta. Xede horretarako, Batzordeak Natura 2000 Sareari eta klima-aldaketari buruzko orientazio-dokumentu bat prestatu du, eta, bertan, aholkularitza eskaintzen da Natura 2000 eremuak klima-aldaketara modu egituratuan egokitzeko. Orientabide horiei esker, halaber, paisaia-plangintza erresilientea sustatzen ahalko da, eta neurriak hartzen ahalko dira baso-suteen arriskua murrizteko, eremuak babesteko helburuekin bat etorriz. Horrez gain, larrialdietan (adibidez, baso-suteak) Natura 2000 eremuak kudeatzeko orduan estatu kideek dauzkaten malgutasun-mekanismoak azaltzen dira, egoera horietan funtsezkoa baita bizkor erantzutea biziak salbatzeko eta biodibertsitatea babesteko.
Epe luzerako plangintzan laguntzeko, Batzordeak arriskua ebaluatzeko jarraibide eguneratuak emanen ditu, eta estatu kideek beren txosten nazionaletan integratzen ahalko dituzte.
Europako biztanle guztiak kezkatuta daude baso-suteen arrisku gero eta handiagoagatik. Europako Ingurumen Agentziak duela gutxi egindako inkesta baten arabera, inkestatuen erdiak kezkatuta daude fenomeno natural horrengatik. Pertsonak baso-suteen arriskuez kontzienteago izatea nahi du Batzordeak, eta baso-suteei aurre egiteko prestaketan inplikatu nahi ditu, Batasunaren Prestaketa Estrategiarekin bat etorriz. Lanean jarraituko du prestaketa irakasleen trebakuntzan sartzeko, arlo honetan gazteei zuzendutako EBko programetan prestaketa sustatzeko, eta baso-suteei aurre egiteko prestaketaren arloan truke- eta boluntariotza-aukerak bultzatzeko. Xede horretarako, Batzordeak herritarren Europako talde espezifiko bat antolatu du.