Merkatuek Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz duten hegakortasuna kontuan hartuz, Europako Batzordeak estatu kideei eskatu die has ditzatela gasa betetzeko denboraldia eta prestaketak modu koordinatuan eta garaiz datorren negurako.
EBn oraingoz segurtasuna dago energia-hornidurari dagokionez, eskualde horretako inportazioen mendekotasun mugatuari eta gatazkaren aurretik Ormuzko itsasartea zeharkatu zuten GNL-kargamentuei esker. Hala ere, prestaketa egokiak eta koordinatuak egitea funtsezkoa da gas-biltegiak behar bezala betetzeko datorren berokuntza-denboraldira begira, kontuan hartuz merkatu-egoeretara egokitu beharko dela eta malgutasunak aplikatuko direla.
Dan Jørgensenek, Energia eta Etxebizitzako komisarioak, zera adierazi du: «2022an baino askoz hobeki prestatuta gaude, erabaki politiko kolektibo batzuei, dibertsifikazioa lortzeko ahalegin koordinatuei eta energia autoktonoa erabiltzea bizkortzeari esker. Hala ere, argi dago mundu-merkatu hegakor batean gaudela eta orain bertan jardun behar dugu, negurako prest egoteko, modu koordinatuan. Biltegiratze-injekzioei lehenbailehen ekiten bazaie, aukera izanen da injekzio-aldi luzeagoa edukitzeko eta merkatuaren inguruabarretara egokitzeko, prezioen gaineko presioa arindu eta uda hondarreko presak saihesteko. Garai zail hauetan, funtsezkoa da ahal den guztia egitea gure herritar eta enpresak babesteko».
EBko energia ministro guztiei zuzenduriko gutun batean, komisarioak gogora ekarri du gas-biltegiratzeari buruzko EBren erregelamenduak malgutasun handiagoa eskaintzen diela estatu kide guztiei biltegiratze-instalazioak betetzearen inguruko helburuak lortzeari dagokionez, bizkor erreakzionatzeko merkatuko kondizioen aldaketetara. Malgutasun hori, barnean hartuta egoera jakin batzuetan betetze-helburua txikiagotzeko edo epe luzeago batean lortzeko aukera, lagungarria izaten ahal da hornidurak zailtasunak dituen uneetan gas-eskaera jaisteko eta, hala gasaren prezioekiko presioa arintzeko Europan.
Hemen aurkitu daiteke gas-biltegiratzeari buruzko EBren erregelamenduari buruzko informazio gehiago.