Europako Batzordeak adituen deialdi bat ireki du Erresilientzia Hidrikoko Alderdi Interesdunen Plataforma eratzeko. Erresilientzia Hidrikoaren Europako Estrategia aplikatzearen alde eginez, Europan ekonomia hidriko jasangarria, erresilientea, adimenduna eta lehiakorra sortzen lagunduko du Plataformak.

Horrez gain, elkarrizketan aritzeko eta ezagutza espezializatuak partekatzeko foro gisa ere balioko du Plataformak, helburu hauek erdieste aldera: uraren zikloa leheneratzea eta babestea, uraren erabileran ekonomia adimenduna eraikitzea, eta denek ur garbia eskuragarri izanen dutela bermatzea. Gehienez 60 kide izanen ditu, bost urtez. Hautagaien deialdia irekita egonen da 2026ko apirilaren 17ra arte.

Igandeko Uraren Munduko Egunak argi gogorarazten digu premiazkoa dela Europa erresilientea izatea uraren arloan. Ingurumenaren, Erresilientzia Hidrikoaren eta Ekonomia Zirkular Lehiakorraren komisario Jessika Roswallek kasu honetan esan zuen bezala, erresilientzia hidrikoa funtsezkoa da gure osasunerako, segurtasunerako eta oparotasunerako. Hala ere, klima-aldaketa, uraren erabilera ez-jasangarria eta kutsadura segurtasun hidrikoa arriskuan jartzen ari dira, bai Europan, bai Europatik kanpo. Lehorte eta uholde gero eta ohikoagoek, glaziarren galerak eta prezipitazioen eredu aldakorrek presio horiek areagotzen dituzte. Gainera, ura gero eta gehiago kokatzen da tentsio eta gatazka geopolitikoen erdian.

Horrenbestez, inoiz baino garrantzitsuagoa da Erresilientzia Hidrikoaren Europako Estrategiari buruzko lanetan aurrera egitea. Estrategia horren bitartez, Batzordea neurriak indartzen ari da ur gezako sistemak babesteko, eraginkortasun hidrikoa hobetzeko eta uraren kudeaketa jasangarriaren arloan berrikuntza eta inbertsioa bizkortzeko. Zeregin horretan lagunduko du Erresilientzia Hidrikoko Alderdi Interesdunen Plataformak.

Informazio gehiago aurkitzen ahal duzu, online, Erresilientzia Hidrikoko Alderdi Interesdunen Plataforman, bai eta  Uraren Munduko Egunaren harira Roswall komisarioak egindako adierazpenean ere.