Kataluniako Autonomia Erkidegoak sortutako 50 milioi euroko plan bat onetsi du Europako Batzordeak, EBren estatu-laguntzei buruzko arauen araberakoa, fabrikazio-ahalmena babesteko Industria Garbiaren aldeko Itunaren helburuekin bat etorriz. Plana Industria Garbiaren aldeko Itunaren estatu-laguntzen esparruan onetsi da, zeina Batzordeak onetsi baitzuen 2025eko ekainaren 25ean.

Plan honen helburua da zero emisio garbiko ekonomia lortzeko trantsizioan laguntzea. Parte hartzen ahalko dute zero emisio garbiko teknologien ekoizpenerako fabrikazio-ahalmena areagotzeko eta teknologia horien osagai nagusien ekoizpenerako inbertsioak egiten dituzten enpresek; Esparruaren II. Eranskinean zerrendaturik daude osagai horiek. Barne hartzen dira, halaber, azken produktuetarako edo osagai espezifikoetarako beharrezko diren funtsezko lehengai berriak edo berreskuratuak produzitzeko laguntzak ere. Planaren testuinguruan, Kataluniako Generalitatearen aurrekontuaren kontura finantzatutako zuzeneko dirulaguntzen bidez emanen da laguntza. Laguntzak 2030eko abenduaren 31ra arte ematen ahalko dira.

Batzordeak egiaztatu zuen plana bat datorrela Industria Garbiaren aldeko Itunaren estatu-laguntzen esparruan ezarritako baldintzekin. Laguntzak teknologia garbien, haien osagai espezifiko nagusien eta haiei loturiko funtsezko lehengaien ekoizpena sustatuko du batez ere. Batzordeak ondorioztatu zuen araubidea beharrezkoa eta egokia dela zero emisio garbiko ekonomia lortzeko trantsizioa bizkortzeko eta jarduera ekonomiko jakin batzuen garapena sustatzeko, bi-biak garrantzitsuak baitira Industria Garbiaren aldeko Ituna aplikatzeko. Azkenik, Batzordeak iritzi zion plana neurrikoa dela, beharrezko den gutxienekora mugatzen baita laguntza eta eragin mugatua baitu estatu kideen arteko lehian eta merkataritzan.

Oinarri horretatik abiatuta, Batzordeak plana onetsi du, EBren laguntza publikoei buruzko arauen arabera.

Online kontsultatzen ahal duzu Industria Garbiaren aldeko Itunaren estatu-laguntzen esparruari buruzko informazio gehiago. Gaurko erabakiaren bertsio ez-konfidentziala SA.121547 zenbakiarekin argitaratuko da Batzordearen lehiaren webguneko estatu-laguntzen erregistroan, sor daitezkeen konfidentzialtasun-arazoak konpondu ondotik.