Mugaz gaindiko ekimen honek Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako erakundeak biltzen ditu, desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako prestakuntza-programa pilotu bat garatzeko, eraldaketa digitalean eta adimen artifizialean trebatu daitezen.
Nafarroako Gobernuak, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez (Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentua), INCLUS-IA Europako proiektua zuzentzen du. Ekimen horrek, zati batean, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) Europako programaren finantzaketa dauka, eta helburu du adimen-desgaitasuna duten pertsonen gaikuntza digitala eta enplegu-aukerak hobetzea, eraldaketa digitalarekin eta adimen artifizialarekin zerikusia duten arloetan.
Proiektua Nafarroako Gobernuak koordinatzen du, eta Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako departamenduko hainbat erakunde biltzen ditu, adimen-desgaitasuna duten pertsonentzat egokituriko programa pilotu bat diseinatu eta martxan jartzeko, lanerako prestakuntza eta akonpainamendua emate aldera.
Lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari Javier Remírezek nabarmendu duenez, proiektuak islatzen du Nafarroako Gobernuak eraldaketa digital inklusiboaren aldeko konpromisoa duela. “Teknologia emergenteak eta adimen artifiziala lan-merkatua eraldatzen ari dira. Funtsezkoa da eraldaketa horrek ez uztea inor atzean eta adimen-desgaitasuna duten pertsonek aukera izatea aukera profesional berriak baldintza berdinetan eskuratzeko”, adierazi du.
Remírezek azpimarratu du, halaber, Nafarroaren eta Pirinio Atlantikoen arteko lankidetza balio handikoa dela ezagutza partekatzeko eta konponbide berritzaileak eta errepikagarriak garatzeko, beste lurralde batzuetan ere aplikatu daitezen.
INCLUS-IA proiektuaren esparruan, berariazko prestakuntza-eskaintza bat garatuko da, eraldaketa digitalari eta adimen artifizialari buruzkoa, adimen-desgaitasuna duten pertsonei egokitua, beren konpetentzia digitalak hobetzeko eta sektore emergenteetan laneratzea errazteko. Edukiei dagokienez, besteak beste, algoritmoen entrenamenduarekin loturiko jarduerak, software-probak, adimen artifizialeko sistemen alborapen-azterketak eta beste zeregin batzuk izanen dira, prozesu teknologikoekin loturik.
Hurrengo hiru urteetarako ekintza-plana
Proiektuaren partzuergoko burua Nafarroako Gobernua da, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta, harekin batera, honako hauek daude: NASERTIC sozietate publikoa, TASUBINSA, Ciganda Ferrer-Colegio El Molino fundazioa, TeReSA eta STEP (Frantzia). Gainera, erakunde elkartu hauek parte hartzen dute: CRIC Pyrénées, ADAPEI64, LesPEP64, Cap Emploi, IA Pau eta French Tech Pau Béarn. Proiektuaren aurrekontua, guztira, 1,8 milioi euro ingurukoa da, hiru urtetan gauzatuko da, eta POCTEFA programaren bidez proiektuaren % 65 finantzatuko da.
Ekintza-plana hiru ekintzatan egituratzen da: programa pilotua diseinatzea, hura ezartzea, eta emaitzak ebaluatzeko eta zabaltzeko estrategia bat garatzea. Programa horren bidez, nabarmen hobetu nahi dira adimen-desgaitasuna duten pertsonen konpetentzia digitalak, kalitatezko enpleguak eskuratzeko dituzten aukerak handitu nahi dira, eta mugaz gaindiko lankidetza-sare iraunkorra indartu nahi da.
Proiektuak onura zuzenak ekarriko dizkie adimen-desgaitasuna duten pertsonei, enpresa inklusiboei, prestakuntzako eta laneratzeko profesionalei, bai eta Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako lurraldeei ere. Mugaz gaindiko ikuspegiak balio erantsia ematen dio; izan ere, prestakuntza- eta inklusio-eredu komun bat eraikiko da, transferitu eta eskalatu daitekeena, eduki digital irisgarriak eta inklusioaren gaineko ikuspegi partekatua barne hartuta.
INCLUS-IA abiarazteko bilera (kick-off delakoa) martxoaren 27an izanen da Sarrigurengo VIDAAS Zentroan (Garapen Autonomo Aktibo eta Osasungarrirako Abangoardiako eta Berrikuntzako Zentroa).