Europako POCTEFA programaren 400 onuradun inguruk parte hartu dute, gaur goizean, Nafarroa Arenan egin den tailer batean. Tailerra Pirinioetako Lan Elkarteak antolatu du, eta gaur egun Nafarroa da elkarte horretako buru. Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eman dio hasiera ekitaldiari, eta Pirinioetako Lan Elkarteko lurralde guztiak izan dira bertan: Euskal Autonomia Erkidegoa, Aragoi, Katalunia, Okzitania, Akitania Berria, Andorra eta Nafarroa.
Guztira 183 parte-hartzaile bildu dira, aurrez aurre, INTERREG POCTEFA programako proiektu txikien deialdian eta 2. deialdi klasikoan programatutako proiektuetako bazkide diren erakundeentzako mintegian, eta 200 baino gehiagok telematikoki parte hartu dute, egun guztiko lan-saio batean.
Ollo lehendakariordeak bere hitzaldian azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak bereziki aipatu nahi izan ditu Nafarroako 26 proiektu onartuak, eta, bide batez, proiektu horietako parte-hartzaileak zoriondu eta agurtu ditu. “Lehendakariordea eta kontseilaria naizen aldetik, nire taldearen eginkizunetako bat da laguntza eta babesa ematea mugaz haraindiko lankidetzako programetan parte hartu nahi duten Nafarroako eragileei”, zehaztu du, eta, gaineratu duenez, Nafarroako Gobernuaren ustez “Nafarroa mugaz haraindi gero eta gehiago egoteak esan nahi du Nafarroak presentzia handiagoa izatea Europan, eta hori aukera handia da”. Ildo horretan azpimarratu duenez, beharrezkoa da Europa ez hartzea “urrunekotzat, baizik eta ohartzea Europa kalean bertan dagoela, herritarrengandik hurbil”. “Esan ohi dudan bezala”, gaineratu du, “0 km-ko Europa hori da, hain zuzen, mugaz gaindiko Nafarroa”.
Ollo lehendakariordearekin batera, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusi Sergio Pérez egon da. Ollok gogorarazi du lan handia egiten ari direla mugaz gaindiko Nafarroa horren alde, Nafarroako Gobernuaren Kanpo Ekintzako II. Planean (2025-2028) jasota baitago. Joan den astean, Nafarroako Gobernuak Euskadiri eman zion Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko (2024-2026) lehendakaritzaren lekukoa, eta, gaur egun, Pirinioetako Lan Elkarteko txandakako lehendakaritza betetzen ari da, 2027ra arte. Gainera, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentua, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, ildo horretan lanean ari da mugaz haraindiko lankidetza indartzeko; izan ere, duela gutxi Europako Mugaldeetako Eskualdeen Elkartean (AEBR) sartzeko eskatu zuen, eta laster mugaz haraindiko lankidetzarako laguntzen deialdia ebatziko du.
“Iruñean eginen dugu 2021-2027 aldiko INTERREG POCTEFA programako azken deialdiaren (INTERREG HELBURU) programazio-batzordea, eta jada hura antolatzeko lanean ari gara; ziur nago hemen zaudenontzat oso interesgarria izanen dela”, nabarmendu du Ollo lehendakariordea.
Europako 2021-2027 aldirako Interreg POCTEFA programak 243 milioi euroko aurrekontua zuen mugaz haraindiko lankidetza sustatzeko, eta norgehiagoka bidez banatu dira lurralde hautagarrien artean; hain zuzen, Pirinioetako Lan Elkartean dauden lurralde hauen artean: Euskal Autonomia Erkidegoa, Aragoi, Katalunia, Okzitania, Akitania Berria, Andorra eta Nafarroa.
Gainera, Ollok foroan iragarri du 2026ko azaroan POCTEFA 2021-2027 azoka eginen dela Iruñeko Baluarte jauregian, eta programazio-aldi honetan POCTEFA deialdien onuradun izan diren Nafarroako erakunde onuradun guztiak gonbidatuta daude, POCTEFA 2014-2020 programaren kasuan bezala.
Mugaz gaindiko Nafarroa
Nafarroako Gobernuaren Kanpo Ekintzako II. Planaren (2025-2028) helburua da Nafarroak ahots propioa izan dezala Europan, baita munduan ere, aliantzak eta lankidetza bilatzen dituen eragile globala izan dadin, Nafarroako komunitatearen onurarako eta Foru Komunitatearen mugaldeko kokapen geografikoa baliatzeko, abantaila estrategikoa lortze aldera.
Planaren formulazioan ardatz bat ezarri zen, “Mugaz gaindiko Nafarroa” izeneko bigarren ardatza, hain zuzen, Europako lurralde-lankidetzaren potentzial osoa aprobetxatzeko xedez. Gainera, Nafarroako Gobernua saiatu da gure berezko izaera ekartzen Nafarroak parte hartzen duen foro eta guneetara, bereziki Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko (2024-2026) eta Pirinioetako Lan Elkarteko (2025-2027) lehendakaritza bete duen aldian, eta mugaldeko nafar herritarrei laguntzeko asmoa agertu du.
Oroitu behar da Nafarroak zenbait lehentasun ezarri dituela, Pirinioetako Lan Elkarteko txandakako lehendakaritza 2025-2027 aldirako betetzen ari dela eta: Europan kohesio-politika babestea eta eskualdeek nahiz estatutik beherako lankidetza-egiturek duten zeregina defendatzea 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruan, bereziki mugaz haraindiko lankidetzako programei dagokienez; Pirinioetako 2028-2035 aldirako Estrategia prestatzea eta abian jartzea, gainerako eskualdeekin batera; estatuek mugaz gaindiko harreman-puntuak garatu eta ezar ditzaten lan egitea eta horren aldeko jarrera hartzea Pirinioetako Lan Elkartean, babes harturik 2025/925 (EB) Erregelamendua, mugako eskualdeen garapenerako eta hazkunderako tresna bati buruzkoa (BRIDGEforEU); eta Pirinioetako lurraldeetako belaunaldi-erreleboari eta erronka demografikoari heltzea, ahalik eta modu zabalenean ulertuta eta alderdi guztiak aintzat hartuta (osasun- eta gizarte-laguntza, jaiotza-tasa eta abar), bereziki Pirinioetako landa-eremuetan.