EBko nekazaritzako elikagaien merkataritzari buruz Europako Batzordeak argitaraturiko azken txostenaren arabera, EBko nekazaritzako elikagaien esportazioak beste errekor batera iritsi ziren 2025ean, munduko erronka ekonomikoak gorabehera.
EBko nekazaritzako elikagaien esportazioak 238.400 milioi eurokoak izan ziren 2025ean; hau da, % 1eko igoera izan da 2024ko datuekin alderatuta (2.300 milioi euro gehiago). Erresuma Batua izan zen, 2025ean ere, EBko nekazaritzako elikagaien esportazioen helmuga nagusia, esportazio guztien 23 % jaso baitzituen (55.600 milioi euro). Aipatzekoa da, besteak beste, nabarmen handitu direla Suitzara (1.200 milioi euro gehiago, + % 7) eta Turkiara (1.100 milioi euro gehiago, + % 16) egindako esportazioak. Zerealekin egindako prestakinak, esnekiak eta ardoa izan ziren EBtik gehien esportaturiko produktuak, eta kakaoak, kafeak eta txokolateak, berriz, balio-igoerarik handienak izan zituzten, batez ere prezioek gora egin zutelako.
EBko nekazaritzako elikagaien inportazioak 188.600 milioi eurokoak izan ziren; hau da, % 9ko igoera izan zen 2024ko datuekin alderatuta (15.300 milioi euro gehiago). Erresuma Batua, Brasil eta Estatu Batuak izan ziren hornitzaile nagusiak oraingoan ere, eta kakaoak, kafeak eta fruta eta fruitu oskoldunek inportazioen hazkundea bultzatu zuten, munduko prezioen igoeraren ondorioz.
EBk merkataritza-superabit orokorra izan zuen 2025ean, 49.900 milioi eurokoa. Zifra hori 2024ko superabit orokorra baino 13.300 milioi euro txikiagoa da, batez ere oinarrizko produktuen (kafea, kakaoa eta frutak eta fruitu oskoldunak, besteak beste) inportazio-prezioek gora egin zutelako. EB da nekazaritzako elikagaien esportatzailerik handiena munduan, oraindik ere, eta 2025ean, baita inportatzailerik handiena ere.
Nekazaritzako elikagaien merkataritzak EBko esportazio guztien % 9 hartu zituen, inportazioen % 7,5, eta 2025eko merkataritza-superabit orokorraren % 37.
EBko nekazaritzako elikagaien salerosketari buruzko hileko txostenaren azken edizioak xehetasun gehiago eta taula zehaztuak biltzen ditu.