Europako Batzordeak lan-programa bat onartu du Energia Atomikoaren Europako Erkidegoaren (Euratom) 2026ko eta 2027ko Ikerketa eta Prestakuntza Programarako. Haren bidez, 330 milioi euro esleituko dira ikerketa, berrikuntza eta prestakuntza nuklearra bultzatzeko. Ikerketa eta berrikuntza nuklearrak barne hartzen dituenez, programak Horizon Europe osatzeko finantzaketa eskaintzen du, eta helburu du independentzia energetikoa indartzea eta EBren lehiakortasuna eta lidergo teknologikoa sustatzea eta, aldi berean, karbono-neutraltasunerako trantsizioa babestea 2050era begira.

Programa lagungarria izanen da EBren etorkizuneko Fusio Estrategia garatzeko, eta erreaktore modular txikiak pizten ari diren interesari erantzunen dio. Azpimarratzekoa da, besteak beste, fusio-energia garatzeko ikuspegia duela, 222 milioi euro bideratu baititu fusio-teknologiak laborategietatik sare elektrikora eramateko. Horrek barne hartzen du Europan fusiorako elkarte publiko-pribatu bat sortzea, fusio-enpresa emergenteei laguntza ematea Europako Berrikuntza Kontseiluaren tresnen bitartez, eta inbertsioak egitea funtsezko ikerketan eta talentu espezializatuan.

Gainerako 108 milioi euroak fisio nuklearreko berrikuntzara eta segurtasunera bideratuko dira, honako hauei buruzko ikerketa barne: egungo zentral nuklearren epe luzeko funtzionamendua, erreaktore aurreratuak, erregai nuklearrak, babes erradiologikoa eta hondakin erradioaktiboen kudeaketa segurua. Programaren bidez, halaber, medikuntza nuklearreko aurrerapenak finantzatuko dira, eta EBren autonomia indartuko da isotopo medikoak ekoizteari dagokionez.

Azkenik, ekimenak helburu du gaitasun nuklearrak garatzea eta talentua erakartzea, Marie Skłodowska-Curie laguntzen eta antzeko programen bidez, eta aldi berean sarbide irekia bermatzea EBko ikerketa nuklearreko 230 instalazio baino gehiagotan. Halaber, Ukrainako ikertzaile nuklearrak Europako ikerketa-esparruan sartzea bultzatuko du.

Gehiago jakiteko, kontsultatu Energia Atomikoaren Europako Erkidegoaren Ikerketa eta Prestakuntza Programari buruzko webgunea.