Ekonomia zirkularreko berrikuntza-proiektuetarako laguntza-programak 9,13 milioi euro mobilizatzen ditu, eta berariaz Foru Komunitatera bideratutako 2,5 milioi euro baino gehiago
Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak European Circular Innovation Valley (ECIV) ekimenaren lehen deialdian parte hartu du. Europako proiektu honek, EBk kofinantzatua eta Nafarroako Gobernuak eta Sodena bere sozietate publikoak batera gidatua, 2025eko abenduan abiarazi zuen bere lehen laguntza-deialdia. Orduz geroztik, eskualdeen arteko lankidetza indartzera eta ekonomia zirkularraren esparruan proiektu berritzaileen garapena bizkortzera bideratutako jardueren agenda bizia mantendu da.
Horretarako, elkargune sektorial ugari egin dira online trantsizio zirkularrerako eremu estrategikoetan; besteak beste, uraren, ontzien eta bilgarrien kudeaketa zirkularra, nekazaritzako elikagaien azpiproduktuei berriz balioa ematea eta eraikuntzarako material biooinarrituak. Saio horietan izan dira eragile publiko eta pribatuak, enpresak, zentro teknologikoak eta elkarteak, zeinetan elkarrizketa, ideien trukea eta bazkideen bilaketa erraztu baitira ECIV proiektuko eskualdeen artean. Azkenik, erakunde interesdunei etengabeko laguntza emanez proiektuak lantzera eta partzuergoak sendotzera bideratutako eskualdearteko saioak egin dira.
Deialdiaren xehetasunak
9,13 milioi euroko aurrekontu globala duen programa honen xedea da ideia berritzaileak merkaturatzeko moduko soluzio erreal bilakatzea eta, modu horretan, eredu produktibo eta jasangarriagoetarako trantsizioa bultzatzea. Testuinguru horretan, Nafarroarentzako diru-kopurua nabarmentzen da. Izan ere, 2.522.500 euro esleitu zaizkio eskualdeko erakundeak babesteko.
TRL 6 eta TRL 8 bitarteko heldutasun teknologikoko maila duten proiektuak —hau da, merkatutik gertuko soluzioak— garatzen dituzten enpresa, zentro teknologiko eta erakunde publikoei zuzentzen zaie deialdia. Proiektu-proposamenek 500.000 eta 3 milioi euro bitarteko finantziazioa eskatzen ahalko dute; hala ere, 600.000 euroko gehieneko muga ezartzen da onuradun bakoitzeko ECIV programaren deialdi guztietarako, baliabideak ekitatez banatzen direla bermatzeko.
Eskualdearteko inpaktua bermatu eta lurraldeen eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza sustatzeko, gutxienez Europar Batasuneko hiru herrialdetako edo Erresuma Batuko hiru bazkidek osatutako partzuergoen bidez eratu beharko dira proiektuak. Gainera, bazkide horietako bik ECIV proiektua finantzatzen duten lurraldeetakoak izan behar dute eta gutxienez enpresa batek parte hartu beharko du, orientazio aplikatua eta emaitzen merkatu-potentziala bermatze aldera.
Programak definituriko sektore estrategikoren batean inskribatu beharko dira proiektuak, ahal dela. Sektore horietan sartzen dira funtsezko zenbait eremu, hala nola elikagaien eta nekazaritzako elikagaien sistemak, ehungintza eta moda, ekipamendu elektriko eta elektronikoak, ontzi jasangarriak, sistema energetikoak, altzairua eta metalak, meatzaritza, uraren eta hondakin-uren kudeaketa, eraikuntza eta ingurune eraikia.
Hautagaitzak aurkezteko azken eguna 2026ko martxoaren 16a da. Proiektuak prestatzen eta aurkezten laguntzeko, eskura daude ECIV programaren atari ofizialean dokumentazio ofizial osoa, barnean hartuta deialdiaren testu osoa, eskatzailearen gida eta hautagarritasun-irizpideak. Bestalde, Matchmaking plataforma bat ere eskaintzen du proiektuak. Haren bidez, partzuergo sendo eta lehiakorrak sortzea errazteko, erakundeek aukera dute profilak sortzeko, interesak erakusteko, bazkide potentzialekin harremanetan jartzeko eta nazioarteko lankidetza-aukerak aztertzeko.
Deialdi horren bidez, Nafarroak ekonomia zirkularreko ekimen estrategikoak bultzatzearekin eta bere erakundeek berrikuntza, jasangarritasuna eta balio-kateak Europan eskualdearteko eskalan sendotzea sustatzen duten proiektuetan parte-hartze aktiboa izatearekin duen konpromisoa berretsi du.