Eskualdatzea Ajuria Enean egindako Batzar Nagusian egin da, eta bertan, “apurtzen ari den multilateralismoaren aurrean”, Chivite lehendakariak elkarteko bazkideen “elkarrizketarako gaitasuna eta errespetua” nabarmendu ditu
Nafarroak Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdearen (NAEN) presidentetza utzi du 2028a arte, 2024tik hona buru izan ondotik. Aldi berri honetan mugaz gaindiko lankidetzan sakontzen jarraituko da, besteak beste, euroeskualdeko herritartasunean, jasangarritasunean, lurralde-kohesioan edo garapen berritzailean.
Erreleboa gaur goizean gauzatu da Gasteizen, euroeskualdearen urteko batzarrean. Batzarburua Akitania Berriko eskualdeko kontseilari Mathieu Bergé izan da, eta Nafarroako lehendakari María Chivite eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales ere izan dira, Batzarreko gainerako kideekin batera, hiru eskualdeetako gobernuen arduradunak denak ere.
Ajuria Enean egin da ekitaldi instituzionala, zeinean Chivite lehendakariak, kargua uzten duen presidente gisa, Imanol Pradalesi eman baitio Europako taldearen lidergoaren ikurra den makila.
María Chivitek azaldu duenez, Foru Komunitateak presidentetza zuzendu duen aldian “sendotu egin da Euroeskualdeak kohesioaren eta hiru alderdien garapen ekonomikoaren zerbitzurako proiektu estrategikoen bideratzaile eta katalizatzaile gisa duen egitekoa”. Testuinguru horretan, hauek nabarmendu ditu lehendakariak: kulturaren, hezkuntzaren, kirolaren eta solidaritatearen alorreko 19 proiektuak; Euroeskualdeko berrikuntzako proiektuen deialdia; 70 gaztek jaso duten Euroeskualdeko Beka; eta enpleguari, mugikortasun jasangarriari eta eleaniztasunari buruzko Europako hiru proiektuak.
Hona zer esan duen Chivitek ekintza horiei buruz: “hiru lurraldeetako garapen ekonomiko, sozial eta kulturala sustatzen laguntzen dute. Izan ere, auzokoen arteko harreman onak positiboak dira beti pertsonen bizitzan. Eta, hain zuzen, munduan elkarrizketaren zubiak hausten eta indartsuenaren legea nagusitzen ari den une batean diot hori guztia. Itxuraz multilateralismoa erori den garai honetan gaur hiru gobernu elkarren ondoan eseri eta muga fisiko eta sinbolikoak lausotzeko helburua duen organo komun batean parte hartzea albiste ona da, edozein ikuspegi kontuan hartuta ere. Horregatik, auzokoen arteko elkargune adiskidetsu honen mezua benetan irmoa dela iruditzen zait. Alde batera uzten ari diren balioetara ekartzen gaitu; adibidez, elkarrizketarako gaitasunera eta errespetura”.
2026an Euroeskualdeak 15 urte beteko ditu. Testuinguru horretan, Chivite lehendakariak Pradales lehendakari berriari adierazi dio gustuko izanen lukeela “Euskadiren presidentetzaren hasierarekin batera etorri den urteurren honek gure herrien arteko elkartasunean sakontzen laguntzea”. Gaineratu du, halaber, Nafarroako Foru Komunitatearen laguntza izanen duela horretarako.
Bestalde, Imanol Pradales lehendakari berriak azpimarratu duenez, “ziurgabetasun handieneko testuinguru honetan”, mugaz haraindiko lankidetza “herritarren zerbitzurako tresna bat da”. Makroeskualde Atlantiko baten sorreraz ere aritu da, eta adierazi du Euroeskualdea ez dela “eragile pasibo” huts bat izanen, baizik eta “metodoa eta emaitzak” ekarriko dituela.
Mathieu Bergék esku hartu duenean, eskerrak eman dizkio Chivite lehendakariari Euroeskualdearen buru izan den garaian egin duen lanarengatik eta lidergoarengatik. Pradales lehendakariak adierazitakoaren ildo beretik, Makroeskualde Atlantikoaren etorkizuneko proiektuaz aritu da Bergé, eta adierazi du berriro “Europaren grabitate-zentroa Atlantikotik gertu” jartzeko balioko duelakoan dagoela.
Jorratutako gaiak
Batzarrean hiru eskualdeetako 18 ordezkarik hartu dute parte, eta 2025eko jardueren balantzea eta aurtengo aurrekontu orientabideak aurkeztu dira. Horrez gainera, Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa 2026 proiektutarako Deialdiaren esparrua onartu da.
2025eko jardueren balantzeari dagokionez, Batzarrak nabarmendu du berretsi dela Euroeskualdeak gero eta egiteko handiagoa duela kohesioaren eta garapen ekonomikoaren zerbitzurako proiektu estrategikoen bideratzaile eta katalizatzaile gisa.
Dinamika horren erakusgarri dira zenbait ekimen. Euroeskualdeko herritarren eremuan, kulturaren, hezkuntzaren, kirolen eta solidaritatearen alorreko 19 proiektu babestu dira. Horri esker, hiru lurraldeetako herritarrei gerturatu zaizkie eta Euroeskualdeko identitate partekatua indartzen lagundu da. Horrekin batera, Euroeskualdeko berrikuntza-proiektuen deialdiari esker, zazpi lankidetza babestu dira sektore garrantzitsuetan.
Garapen jasangarriak eta lurralde-erresilientziak ere protagonismoa izan dute. Hala, soluzio zehatzak bultzatu dira mugaz gaindiko mugikortasun arina lortzeko, baita datu fidagarri eta partekatuetan oinarrituriko lurralde-plangintza ere, eta, modu horretan, Euroeskualdeko politika publikoen eraginkortasuna eta erresilientzia indartu dira.
Mugikortasun akademikoarekiko konpromisoarekin ere jarraitu du Euroeskualdeak, Euroeskualdeko Bekaren bidez: 70 ikasle eta doktoregairi eman zaie, ezagutzaren zirkulazioa bultzatzeko gertutasuneko nazioarteko mugikortasunaren logika baten esparruan.
Europa mailan, AFOMEF POCTEFA programak finantzatutako eta Euroeskualdeak zuzenean koordinatutako proiektu estrategikoen bultzadak markatu zuen urtea: LANEAN, mugaz gaindiko enpleguari dagokionez; TRANSFERMUGI, mugikortasun jasangarriaren esparruan; eta HEZHI, eleaniztasunaren arloan. Ekimen horiek berretsi dutenez, Euroeskualdeak gaitasuna du Europako finantziazioa mobilizatu eta lurraldearen erronka komunei erantzuteko eta mugaz gaindiko bizitzaren esparruetako eskalaren araberako soluzio iraunkorrak eraikitzeko.
Alde batetik, aurrekontu-orientazioak eta 2026rako ekintza-planak 2.260.000 euroko aurrekontua dute, zeinak finantzatzen baitira kideek Euroeskualdera esleitutako funtsekin, 2025eko itxierako soberakinekin eta Europako proiektuen diru-sarrerekin.
Bestalde, Euroeskualdeak 900.000 euro bideratuko ditu 2026an mugaz gaindiko ekimenak finantzatzeko. Bi lerro handitan egituratzen dira ekimen horiek. Lehena Euroeskualdeko herritarrentzat da, eta 500.000 euro izanen ditu lankidetzaren eragileek sustatutako ekintzak babesteko eremu hauetan, besteak beste: kultura, gazteria, hezkuntza, eleaniztasuna, kirolak eta gaur egungo erronka sozialak. Gaur onartu dute deialdia hiru lurraldeetako ordezkariek, eta martxoaren 11n irekiko da.
Bigarren lerroak, Euroeskualdeko berrikuntzaren ingurukoak, 400.000 euro bideratuko ditu sektore ekonomiko nagusietako (osasuna, fabrikazio aurreratua, nekazaritza, energia berriztagarriak, eraikuntza jasangarria eta industria sortzaile eta kulturalak) proiektu egituratzaileetara, Euroeskualdean berrikuntzaren, lehiakortasunaren eta jasangarritasunaren garapena bizkortzeko.
Bestalde, mugaz haraindiko merkataritzan, ikus-entzunezkoen sektorean, osasungintzan eta bestelako eremu batzuetan ekimenak babesten jarraituko du Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdeak, gertutasun geografikoa berrikuntza, lehiakortasun eta lurralde-kohesioko palanka bilakatzeko gai den lankidetza-gune estrategiko gisa sendotzeko lurraldea.
Hiru eskualdeen mugaz haraindiko garapena, tokikoa eta Europakoa bultzatzen dituen lankidetza-tresna bat da Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdea; 8,7 milioi pertsona baino gehiago bizi dira 101.678 km²-ko lurralde horretan. Elkartzea 2011n sortu zen, lurralde-lankidetzako Europako elkartze bat (AECT) eraikitzea adostu zutenean Akitania Berriak eta Euskal Autonomia Erkidegoak; Nafarroa 2017an elkartu zitzaien.