Europako Batzordeak lau jarraibide-multzo —bi edizio berri eta bi eguneraketa— argitaratu ditu, irakasleei laguntzeko adimen artifiziala (AA) eta datuak modu etikoan erabiltzen hezkuntzan, alfabetatze digitala bultzatzen, kalitate handiko hezkuntza-eduki digitalak hautatzen eta informatika irakasten. Hezkuntza Digitalerako Ekintza Planean txertatzen dira jarraibideok. Plan hori ikastetxeetako irakasleei tresna eta baliabide praktikoen laguntza eskaintzeko diseinatu zen.

AA eta datuak irakaskuntzan modu etikoan erabiltzeari buruzko jarraibide eguneratuek funtsezko kontsiderazio etiko eta juridikoak lantzen dituztenez, irakasleek AA erabiltzeko garaian duten konfiantza sendotzen dute, eta, aldi berean, ikasleen ardura sustatzen dute.

Demokraziaren Europako Ezkutuan iragarri zenez, desinformazioaren aurka borrokatzeko eta alfabetatze digitala sustatzeko jarraibideek alderdi hauek ere lantzen dituzte orain: AA sortzaileak desinformazio-ekintzetan duen inpaktua, sare sozialekiko mendekotasuna eta influenceren papera. Modu horretan, irakasleen ezagutza pedagogikoak eta gazteen pentsamendu kritikorako gaitasunak sendotu, teknologia digitalen erabilera arduratsua sustatu eta lineako aukera informatua babestu nahi dira. Eskolek eta hezkuntzaren eremuko erakundeek paper garrantzitsua dute herritarrek modu arduratsuan jokatzeko dituzten gaitasunen garapenean, hain zuzen, pentsamendu kritikoa, inklusibotasuna, adierazpen-askatasuna eta konpromiso zibiko aktiboa sustatuz. Gaitasun horiek bultzatuz, herritar informatu eta konprometituak gaituko dituzte maila guztietako hezkuntza-erakundeek, eta, hala, gizarte demokratiko erresilienteagoak eraikiko dira.

Hezkuntza-eduki digitalei (DEC) buruzko jarraibide berrietan jasotzen da EBk DECei emandako lehen definizioa eta, halaber, kalitate handiko material didaktiko digitalak identifikatzeko irizpide garbiak eskaintzen dituzte. Informatika irakasteko jarraibideek, aldiz, kalitatezko informatika inklusiboa hainbat ingurunetan irakasteko eta ebaluatzeko estrategia praktikoak eskaintzen dituzte.

Urte honen hondarrean, hezkuntzarako neurri-sorta bat hartuko du Batzordeak, ikasleak gaitzeko, irakasleei babesa emateko eta eskolak modernizatzeko diseinatua. Hezkuntzaren etorkizunari eta gaitasun digitalei buruzko 2030erako bide-orri bat barne hartuko da sorta horretan, ikaskuntza digitala indartzen jarraitzeko EB osoan.

Jarraibideak eskuragai daude dagoeneko Europako Hezkuntza Esparruaren webgunean