Europako Batzordeak, EBren estatu-laguntzei buruzko arauak betez, 440 milioi euroko laguntza-araubide bat onartu du Espainiarako, hidrogeno berriztagarria ekoizten laguntzeko. Europako Hidrogeno Bankuaren enkanteak zerbitzu gisa tresnaren bidez eginen da 2026ko otsailean itxi zen enkanterako. Erregimenak lagunduko du Industria Garbiaren aldeko Ituneko helburuak lortzen EBko industriaren deskarbonizazioari dagokionez eta, aldi berean, haren lehiakortasuna indartuko du.
Espainiak zenbatetsi duenez, 382 MW bitarteko elektrolisi-ahalmena eraikitzen lagunduko du onetsitako erregimenak. Halaber, hidrogeno berriztagarriaren 243.800 tona bitarte ekoiztea sustatu behar du, eta, horri esker, 1.790.000 tona CO2-ren isurpena ere saihestuko litzateke. Erregimenak Espainiari lagunduko dio hemendik eta 2030era 12 GW-eko elektrolizagailu-kapazitatea instalatzeko helburu nazionala lortzen, baita garraioan eta industrian kontsumitutako jatorri ez-biologikoko erregaien kuotaren inguruan Energia-iturri berriztagarriei buruzko zuzentarauan ezarritako helburuak betetzen ere. Erregimenaren esparruan, ekoitzitako hidrogeno berriztagarriaren kilogramo bakoitzeko zuzeneko dirulaguntzen forma hartuko dute laguntzek eta Espainiak datozen 12 hilabeteetan ematen ahalko du laguntza. Laguntza eman ondotik, onuradunek ordainketa jasotzeko aukera izanen dute 10 urteko aldi batean.
Batzordeak EBren estatu-laguntzei buruzko arauak kontuan hartuta ebaluatu zuen erregimena, eta, bereziki, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuko c) letraren arabera eta Klimaren, ingurumenaren babesaren eta energiaren arloko estatu-laguntzei buruzko 2022ko jarraibideen arabera. Batzordeak jo zuen erregimena beharrezkoa eta egokia dela hidrogeno berriztagarria ekoizten laguntzeko. Gainera, Batzordeak jakinarazi zuenez, erregimenak eragin sustatzailea du, eta, halaber, inpaktu mugatua dauka EBko lehian eta merkataritzan. Azkenik, laguntzak eragin positiboak izanen ditu, bereziki ingurumenean, lehiaren faltsutzean izaten ahal den edozein eragin negatibo konpentsatuko dutenak. Arrazoi horiek oinarri hartuta, Batzordeak Espainiarako laguntza-araubidea onetsi du, EBko arauen arabera.
Dagokion erabakiaren bertsio ez-konfidentziala SA.121244 gai-zenbakiarekin argitaratuko da Batzordearen lehiaren webguneko estatu-laguntzen erregistroan, konfidentzialtasun-arazo posibleak konpondu ondotik.