Espainiako 37 EUROPE DIRECT zentro elkartu dira Bruselan, EB osoko beste 363 zentrorekin batera, EBn espazio demokratikoak sustatzeari eta datozen urteetarako tokiko estrategiak harmonizatzearen inguruko jardunbide egokiak sustatzeko.
Bi eguneko bilera Von der Leyen presidentearen bideozko mezu batekin hasi da, zeinak zentroen lanaren garrantzia azpimarratu baitu: «Europako politiken eta tokiko errealitateen arteko zubia zarete. Erakusten duzue Europako ekonomia lehiakorragoa izateko egiten dugun lanak nola hobetzen dituen gure bizimoduak kontinentean zehar, kontatzen duzue Europaren defentsa sendotzeak nola laguntzen duen benetan axola zaiguna babesten eta nola kudeatzen dugun bizi-mailaren krisialdia».
Ekitaldi horrekin hasi da EUROPE DIRECT Europako Batzordearen toki-informazioko sareko zentroen belaunaldi berria. Sareak EBri buruzko doako informazioa emanen die herritarrei eta enpresei, baita Europako politikek haien eguneroko bizimoduari eragiten dien moduari buruzko informazioa ere.
Sareak garrantzi handiagoa emanen dio demokraziari. Europe DIRECT zentroen funtzionamendua gero eta gehiago zentratuko da tokiko anfitrioi izaten Europari buruzko elkarrizketetan. Modu horretan, pertsonak elkartzeko, eztabaidatzeko eta Europako gaiei buruz hitz egiteko guneak sortuko dira. Formatu partizipatiboen eta zuzeneko elkarrizketaren bidez, zentroek eztabaida herritarrengana gerturatuko dute eta bizitza demokratikoan duten partaidetza indartuko dute. Lan horrekin, Demokraziaren Europako Ezkutua babestuko dute, Europa osoan erresilientzia demokratikoa indartzeko Batzordearen ekimena, gizarte osoko bazkideekin lankidetzan.
2026-2030 aldirako eta EBko sare osorako, 315 zentro berritu eta beste 85 zentro berri ireki dira.
Espainian, 37 toki hauetan daude EUROPE DIRECT zentroak: Albacete, Algeciras, Almería, Asturias, Baena, Bartzelona, Bizkaia, Cáceres, Castelló, Ciudad Real, Kordoba, Girona, Huelva, Laguna de Duero, Las Palmas, León, Lleida, Logroño, Lugo, Madril, Málaga, Molinos, Olivenza, Oviedo, Palma (Mallorca), Iruñea, Salamanca, Donostia, Santander, Santiago de Compostela, Segovia, Sevilla, Valentzia, Tarragona, Toledo, Zaragoza eta Zamora.
Konfiantzazko toki-bazkideek hartu dituzte zentroak, hala nola agintaritza publikoek, unibertsitateek eta gizarte zibileko erakundeek.
EUROPE DIRECT zentroek ehunka jarduera antolatzen dituzte urtero Espainian, hala nola eztabaidak, lantegi partizipatiboak eta ekintza informalagoak (Europako kafetegiak, galdeketak eta EBko erabaki-hartzeari buruzko eskola-simulazioak).
Herritarrek eta enpresek, gertuen duten zentroa aurkitzeko, onlineko mapara jotzen ahal dute