Ollo lehendakariordeak Kohesio Politikak Europar Batasunaren 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruan izanen duen garrantzia azpimarratu du

Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok Europako proiektuen kudeatzaile eta sustatzaileentzako IX. Topaketari hasiera eman dio gaur, zeinean ehun bat profesional nafarrek parte hartu baitute. Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren Europako Proiektuen Bulegoak antolatutako ekitaldi honetan, Kohesio Politikak Europar Batasunaren etorkizuneko 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruan izanen duen garrantzia azpimarratu du Ollo lehendakariordeak.

Ollo lehendakariordeak bere hitzaldian defendatu duenez, “Kohesio Politika ez da soilik finantza-tresna bat, Europa ulertzeko modu bat baizik. Europako Batzordeak 2027tik aurrera aurkeztu duen EBren epe luzerako aurrekontu-proposamenak arriskuan jartzen du eskualde-politika, eta desitxuratu egiten du eskualdeek Europaren eraikuntzan duten zeregina. Izan ere, ez dugu nahi funtsak jasotzera mugatu, baizik eta rol aktiboa nahi dugu, Europan ahots propioa duen Nafarroa bat, non eskualdeen ahotsa kontuan hartuko baita gobernu partekatuko egituretan eta garrantzia izanen baitu erabakiak hartzean”.

Oraingo honetan, ekitaldiaren gaia Nafarroak bere Kohesio Politikaren bidez eskuratu ditzakeen Urte Anitzeko Finantza Esparruko programetan zentratu da. Hala, Europako programa horietako idazkaritza guztiak bildu dira: Interreg POCTEFA (Pilar Maza), Interreg Atlantic (Ismael Morán), Interreg SUDOE (Juan Llanes), Interreg EUROPE (Jason Martínez), Interreg ESPON (Nicolas Rossignol) eta Interreg URBACT eta European Urban Inititative (Ana Díez). Era berean, Zabala Innovationeko gizarte-ezagutzaren arloko buru Silvia Agrafojo ere izan da, eta Europako proposamenen idazketan generoaren dimentsioak duen egitekoari buruzko hitzaldi bat eman du.

Programen arduradunen parte-hartzeaz gainera, Nafarroako erakundeetako ordezkariek ere aukera izan dute programetan izandako esperientzia praktikoaren berri azaltzeko. Hala, Silvia Ojer Nafarroako Europako Proiektuen Bulegoko zuzendariak Interreg ATLANTICek finantzatutako GRAAL proiektuan parte hartu du, eta esperientzia horren inguruko azalpenak eman ditu. Navarrabiomed-en izenean, Mikel Rubiok PREDISC proiektua aurkeztu du, SUDOEk finantzatua; ANELeko Pablo Lansacek JEUNESS azaldu du, POCTEFAk finantzatua; Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresen I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiko Ekaitz Garcíak Interreg Europeren ZCI proiektuaren aurrerapenak ezagutarazi ditu; eta Ion Solak ESPON IRIE lurralde-lankidetzako talde europarrean nola parte hartzen duen azaldu du.

Azkenik, ekitaldia ixteko ardura izan duen Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Sergio Pérezek azaldu duenez, oraingo honetan, topaketa “Europako Lurralde Lankidetzan (Interreg) ardaztea” erabaki dutela. “Izan ere, gaur egun, oraindik ere, Nafarroak programa horien deialdietan parte hartzeko aukera du, eta programa horiek finantzaketa-tresna dira, Kohesio Politikaren esparruan diseinatuak, eta Europako eskualdeen arteko lankidetzaren bidez hainbat mailatan eskualde-garapena sustatzea dute helburu”.

Nafarroa Europan

Topaketa hori Nafarroako Gobernuak martxan jarritako II. Kanpo Ekintzako Planean (2025-2028) jasotako ekimen-sorta baten parte da, zeinen helburua baita Nafarroak Europatik datozen funts gehiago jasotzea. Ekimenak dira, adibidez, Bruselan lankidetzan egindako misio enpresarial batzuk —EENrekin (maiatza), CEINekin (ekaina) eta ADITECHekin (iraila)—, Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritzak europar politiken inguruan antolatutako prestakuntza-mintegiak eta NUPekin egindako hitzarmena Europako Proiektuen Sustapeneko eta Kudeaketako prestakuntza jarraituko ikastaroa martxan jartzeko —2026an zazipigarren edizioa eginen da—.

Gainera, aurreikuspenen arabera, maiatza baino lehen Europako Proiektuen Bulegoaren laguntza batzuk argitaratuko dira Europako proiektuetan parte hartzea sustatzeko, hala nola Europako proiektuen sustatzaile eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzak, non kontratatutako pertsonek laguntza-deialdiak bilatzeko eta identifikatzeko lanak eginen baitituzte, Europako proiektuen esparruan proposamenak aurkezteko eta/edo proposamen horiek hobetu eta haien arrakasta-maila handitzeko; eta Europa +Cerca 2026 Programaren esparruko enpresentzako laguntzak. Programa horren helburua da Nafarroako enpresek Bruselan duten parte-hartze aktiboa areagotzea, Europako erakundeak hobeki ezagutzeko eta, hala, EBk eskaintzen dituen finantzaketa-aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, Nafarroako eragileengan Europako ezagutzak modu praktiko eta esperimentalean indartuz.