Europako Batzordea etxebizitza-merkatuaren presioa arintzeko neurriei buruzko informazioa biltzen ari da, zeinak Etxebizitza Eskuragarriari buruzko Legea prestatzeko lanetan sartuko baitira. Alderdi interesdunei gonbit egin zaie beren ikuspuntuak aurkezteko galdetegi baten bidez (gehienez ere, 2026ko martxoaren 29an) eta datu-deialdi bati erantzuteko (beranduen jota ere, 2026ko apirilaren 3an).

Etxebizitza eskuragarrien falta da hirietan bizi diren europarren kezka premiazkoena. EBko hiri handienek eta helmuga turistiko ezagunenek dute presiorik handiena. Etxebizitza Eskuragarrien Europako Planaren (2025eko abenduan aurkeztu zen) helburuak betetzen lagunduko du Etxebizitza Eskuragarriari buruzko Legeak. Ekimenaren helburua da agintariei etxebizitzaren alorrean estresa duten eremuak identifikatzen lagunduko dien arau-esparru argi eta egonkor bat eskaintzea. Barnean hartuko ditu, halaber, eremu horietan etxebizitzaren eskuragarritasuna babestu eta sustatzeko neurriak; bereziki, iraupen laburreko alokairuei buruzko legegintza-proposamen baten bidez.

Dan Jørgensen Energia eta Etxebizitzako komisarioak honako hau adierazi zuen: «Europako eremu batzuek bereziki pairatzen dute etxebizitzaren krisialdia, pertsonek zailtasunak baitituzte alokairua ordaintzeko, baita duintasunez bizi izateko moduko toki bat aurkitzeko ere. Horregatik eman nahi dizkiegu tokiko agintariei jarduteko eta herritarren eguneroko bizimoduan benetako aldea ekarriko duten tresna egokiak, eta gauza bera lortu nahi dugu gero eta inpaktu handiagoa duten iraupen laburreko alokairuei dagokienez. Baina erronka hori ezin dugu guk bakarrik konpondu. Ukitutako guztiei eskatzen diet gure lanean laguntzeko. Elkarrekin lan eginez bakarrik hasten ahalko gara krisialdiari buelta ematen».

Kontsulta-prozesuaren testuinguruan, Batzordea lantegi eta bilerak antolatzen ari da estatu kideekin eta toki-agintaritzekin. Informazio gehiago duzu online.