CEIN sozietate publikoa da ekimen honen burua, 2028ko ekainera arte garatuko dena eta POCTEFAren bigarren deialdiaren parte dena

Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak astearte honetan aurkeztu du Recre-ad mugaz gaindiko proiektua, Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa (CEIN) sozietate publikoa buru duena

Proiektuaren helburua da parte hartzen duten lurraldeetako ETE eta startup agro eta digitalen artean lankidetza, ezagutza-trukeak eta baterako ekintzak bultzatuko dituen mugaz gaindiko sare bat garatzea, I+Gko emaitzak merkatura transferitzea bultzatzeko funtsezko sektore horietan.

Gaur goizean egin da CEINek Noainen duen egoitzan proiektua abiarazteko bilera, eta han izan da Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresen I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusi Garbiñe Basterra. Basterrak aurkezpenean azpimarratu duenez, “sektore agro eta digitala gure Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategiaren parte dira; haien izaera dela eta, toki-eremuaz gaindi aritzeko jarduera ekonomikoak dira, eta, horrenbestez, funtsezkoa da mugaz gaindiko sinergiak aprobetxatzea”.

CEINez gainera, Recre-ad proiektuko kide dira Errioxako Garapen Ekonomikoko Agentzia (Ader), Aragoiko Sustapen Institutua (IAF), Tolosako Merkataritza eta Industria Ganbera eta Neste Barousse Udalerri Komunitatea (Okzitania). Halaber, mugaz gaindiko eremuko zenbait lurraldetako zortzi erakundek parte hartzen dute proiektuan: Nafarroako Gobernua, Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Araba), Kataluniako Generalitatea, Occitanie Midi-Pyrénées eskualdeko Merkataritza eta Industria Ganbera, Ariège Attractivité Agentzia, Bizkaiko Foru Aldundia, Errioxako Gobernua eta Enpresen eta Berrikuntzaren Aragoiko Zentro Europarra.

Recre-ad proiektua martxan izanen da 2028ko ekaina bitartean, eta, beste ekintza batzuen artean, nekazaritzako elikagaien sektorera eta sektore digitalera bideratutako mugaz gaindiko elkarguneak eta enpresa emergenteak zuzentzeko gaitasunak eskuratu nahi dituzten lurralde guztietako pertsonei zuzenduriko programa hibrido bat antolatuko dira programaren esparruan. Halaber, enpresa eta startupen mugaz gaindiko komunitate baten sorrera bultzatuko da berrikuntza irekiaren alorreko lankidetzarako, bereziki sektore agro eta digitaletan, jasangarritasunaren inguruko erronken bidez.

Recre-ad proiektuak, guztira, 1.719.560,69 euroko aurrekontua du, eta Europar Batasunak % 65 kofinantzatu du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez. POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorrako mugaldearen integrazio ekonomiko eta soziala indartzea.