Europako Batzordeak zuzenean pleitaturiko bi aberriratze-hegaldik segurtasunez lur hartu dute Errumanian. Ekialde Hurbilean harrapatutako 356 europar eraman dituzte bi hegaldiek Omandik Errumaniara.

Lehenbizikoz, Batzordeak bere garraio- eta logistika-baliabideak mobilizatu zituen rescEU ekimenaren testuinguruan, Errumaniako agintaritzek eskatuta. Operazio hori ekintza garrantzitsua da Batasunaren Babes Zibileko Mekanismoaren erantzun-tresnak zabaltzeari dagokionez.

EBren Larrialdietako Erantzuna Koordinatzeko Zentroak zabaldu zituen rescEU mekanismoaren gaitasunak. EBko estatu kideetako bat ere eta Batasunaren Babes Zibileko Mekanismoan parte hartzen duen kideetako bat ere ez denean gai laguntza-eskaera bat jasotzean garraio-baliabideak eskaintzeko, rescEU mobilizatzen ahal da. rescEU mekanismoaren esparruan, garraio-kostuen % 100 ere estaltzen ahal du Batzordeak.

Berdintasun, Prestakuntza eta Krisi Kudeaketako komisario Hadja Lahbibek hau adierazi du: «Krisialdiak sortzen direnean, hortxe dago Europa bere herritarrei laguntzeko. Baliabide nazionalak beren mugara iristen direnean, EBk laguntza sendoa ematen du. Lehenbiziko aldiz, rescEU hegazkinak ikusi ditugu zeruetan, Ekialde Hurbilean harrapatutako europarrak aberriratzeko. Gure Babes Zibileko Mekanismoak gau eta egun dihardu lanean, herritar europarrak etxera eramateko. Krisialdian ere elkartuta jarraitzen duela erakutsi du Europak».

rescEU hegaldi horietaz gainera, 42 hegaldi babestu ditu orain arte EBk. Horri esker, 4.100 europar modu seguruan eraman ditu Europako herrialde hauetara: Belgika, Bulgaria, Txekia, Italia, Zipre, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Herbehereak, Austria, Portugal, Errumania, Eslovakia eta Suedia.

Hegaldi gehiago aurreikusten dira datozen egunetarako, 23 herrialdek eskatu baitute EBren laguntza: Belgika, Bulgaria, Txekia, Estonia, Irlanda, Frantzia, Italia, Zipre, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Herbehereak, Austria, Polonia, Portugal, Errumania, Eslovenia, Eslovakia, Finlandia, Suedia, Bosnia-Herzegovina eta Montenegro.

Informazio gehiago duzu dagokion prentsa-oharrean.