Europako Batzordeak adimen artifizialeko (AA) TraceMap plataforma berria aurkeztu du,zeinaren bitartez EB osoan bizkorrago detektatuko baitira elikagai-iruzurrak, elikagai kutsatuak eta elikagaien bidez kutsatutako gaixotasunen agerraldiak. EBk elikagaien eta produktu inportatuen alorrean dituen segurtasun-arau zorrotzekin bat etorriz, kontsumitzaileen segurtasuna sendotuko du tresna berri honek, eta modu eraginkorragoan lan egiten lagunduko die agintaritza nazionalei, berrikuntzak ezarriz elikagai-segurtasunaren eta iruzur-jardueren inguruko arriskuak ebaluatzen, detektatzen eta erantzuten diegun moduan. TraceMap-ek AA erabiliko du elikadura-segurtasunerako arriskuen ebaluazioak hobetzeko, datu kritikoetarako sarbidea eta azterketa arrazionalizatuz, eragileen eta bidalketen arteko loturak bizkor identifikatuz, nekazaritzako elikagaien hornidura-kate osoa gainbegiratuz arrisku bat detektatzean eta produktu ez-seguruak edo iruzurrezkoak bizkorrago berreskuratuz.
Gaurtik aurrera, estatu kide guztietako agintaritza nazionalek dute TraceMap tresnarako sarbidea. Hala, aukera izanen dute kontrolak hobeki orientatzeko eta ikerketa zorrotzagoak egiteko, baliabide gehigarririk erabili gabe. EBko nekazaritzako elikagaien sistemetako datu-kantitate zabalak erabiliko ditu merkataritza-patroien eta ekoizpen-fluxuen jarraipen bizkor bat egiteko. Plataformari esker, baheketaren doitasuna hobetuko da, eragile susmagarriak bizkorrago detektatuko dira eta ikertzaileei lagunduko die elikagai-iruzurrak eta elikagaien bidez kutsatutako agerraldiak detektatzen eta arauen araberakoak ez diren produktuak merkatutik denbora laburrean kentzen. TraceMap-ek estatu kideei ahalmena emanen die hutsuneak betetzeko, ahulguneak lantzeko eta nekazaritzako elikagaien sektorean iruzurraren aurkako neurriak indartzeko. Lagungarria izanen da, halaber, inportatutako salgaiak hobeki kontrolatzeko, nekazaritzarako eta elikagaigintzarako ikuspegian ezarritako neurri indartuekin bat etorriz.
Informazio gehiago nahi izanez gero, ikus prentsa-oharra.