Europako Batzordeak 103 milioi eurotik gora inbertitzen ditu Europa osoan zazpi proiektu estrategikotan LIFE programaren finantzaketarekin. Proiektu horiek baliagarriak izanen dira EBren oparotasuna indartzeko, egonkortasun ekonomikoa, elikadura-sistemak eta ingurumen-ekosistemak sendotzeko, eta kontinente osoan bizi-kalitatea eta osasun publikoa hobetzeko.
Finlandian, Frantzian, Grezian, Herbehereetan, Portugalen, Eslovakian eta Espainian daude hautatutako proiektuak. EBren ingurumen- eta klima-politiken inplementazioa babestu eta bizkortzen dituzte proiektuek eta haien ardatzak dira, bereziki, erresilientzia klimatiko eta hidrikoa, natura leheneratzea, ekonomia zirkularra eta lurzoruaren erabilera jasangarria. Proiektu horiek inbertsio publiko eta pribatu nazional gehigarria mobilizatzea espero da.
EBko hamar estatu kidetan esleitu diren zazpi proiektu estrategiko
Finlandian, ACWA LIFE proiektuaren helburua da errekak, lakuak, kostaldeko urak, ibai-arroak eta lurpeko urak leheneratu eta babestea, baliabide hidrikoen eta ekosistemen osasuna bermatzeko. 16,5 milioi euro jasoko ditu EBtik.
Frantzian, LIFE ADAPT EST proiektuak erresilientzia klimatikoa sendotuko du Ekialde Handia eskualdean, klimari buruzko ezagutza areagotuz, gobernantza hidrikoaren bidez eta muturreko fenomeno meteorologikoei eusten ahal dioten azpiegituren bidez. EBk 15,6 milioi euroko ekarpena eginen dio proiektuari.
Greziako LIFE SIP GR Blue proiektuaren ardatza da kostalde eta uharteetan itsas ekosistemak leheneratzean eta kutsadura, itsas hondakinak eta urpeko zarata murriztean; hala, ozeanoen eta kostaldeko bizi-baliabideak sendotuko dira. EBk 8,9 milioi euroko ekarpena eginen dio proiektuari.
Herbehereetan, CEL4LIFE proiektuak ekonomia zirkularrerako Limburgeko trantsizioa babestuko du. Kimikaren, manufakturaren eta eraikuntzaren sektoreetan lehengaien erabilera 2030erako erdira murrizte aldera, EBk 6,9 milioi euro emanen dizkio proiektuari.
Portugalgo LIFE IP AGRILOOP proiektuak soluzio zirkularrak ezarriko ditu Azoreetan, nekazaritza eta basogintzako sektorean, nekazaritzako elikagaien sektorean eta sektore turistikoan, baliabideen efizientzia indartzeko uharteetan. 15,8 milioi euroko finantzaketa jasoko du EBtik.
Elsovakian, NatAdaptSK proiektuak naturan oinarritutako soluzioak barne hartzen ditu urari, basoei eta biodibertsitateari dagokienez, arrisku klimatikoak arintzeko ukitutako komunitateei. EBk 10,1 milioi euroko ekarpena eginen dio proiektuari.
Espainian, LIFE HumedalES da, gaur egun, LIFE programak finantzatutako proiekturik handiena. Haren helburua da hezeguneen 26.200 hektarea inguru leheneratzea Natura 2000 sareko 107 gunetan, uholdeen aurkako babesa, segurtasun hidrikoa eta biodibertsitatea hobetzeko. 29,7 milioi euroko finantzaketa jasoko du EBtik.