Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Coop4RURALGov Europako proiektuaren lehen fasearen hondarreko ekitaldiaren lehen jardunaldia egin du gaur Iruñeko Kondestable jauregian. Topaketaren ardatza izan da ezagutzak transferitzeko kasuak eta jardunbide egokiak aztertzea proiektuko kide diren herrialdeen artean (Nafarroa, Estonia, Bulgaria eta Irlanda).

Lehen jardunaldiari hasiera emateko ekitaldian, Jesús María Rodríguez Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak nabarmendu du lankidetzak zenbateko garrantzia duen herritarren eskubide-berdintasuna bermatzeko soluzioak bilatzeko garaian, haien bizitokia edozein dela ere. Zuzendari nagusiak adierazi duenez, “baterako gobernantza funtsezkoa da politika publikoak aplikatzen direnean eragin erreala izan dezaten landa-eremuetan eta udalerri txikienetan, desberdintasun ekonomiko, sozial eta lurraldekoak zuzentze aldera”.

Testuinguru horretan, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusia Despopulatzearen aurkako Estrategiarekin bat etorriz garatzen ari den proiektu berrienak baloratu ditu Rodríguezek; besteak beste, despopulatze-arriskuari buruzko adierazle alderdianiztuna, Nafarroako udalerrien despopulatze-arriskua modu zehatz, oso eta erabilgarriagoan neurtzeko aukera emanen duen tresna aitzindaria; Nafarroan despopulatzearen inguruko planifikazio sentsible bat lantzeko gida praktikoa, despopulatzen ari diren lurraldeen premiei erantzunen dieten esku-hartze publikoak diseinatzen laguntzeko tresna; eta Nafarroako biztanleria flotatzaileari buruzko azterketa, oraindik lantzen ari direna.

Proiektuaren Estoniako, Bulgariako eta Irlandako kideak elkartu dira jardunaldian, baita estatuko, eskualdeko eta tokiko zenbait aditu ere, esperientzia eta jardunbide egokiak trukatzeko. Hala, COOP4RURALGov proiektuak beren lurraldeetan emandako ikaskuntza eta emaitzak partekatu dituzte eta, bestalde, Nafarroan arrakasta izan duten proiektuen berri ere izan dute; adibidez, Pirinioetako Plana, Bideak Ehuntzen Kodes Mendilerroan proiektua eta NUP Fundazioaren Sustraiak programa.

Ekitaldiko azken jarduera landa-gobernantzako estatuko zenbait adituk osaturiko mahai-inguru bat izan da, Sara Esparza González Lursareko despopulatze taldearen koordinatzaileak gidatua. Hona zein izan diren parte-hartzaileak: Miguel Martínez Tomey, historiagilea eta #G30 Rural Proofing proiektuaren Gaztela-Mantxako koordinatzailea, eskarmentu handikoa Europako eta mundu mailako kasuetan; Luis Domínguez Castro, historia garaikideko irakasle titularra Vigoko Unibertsitatean; eta Maria Teresa Valera Cortinas, Erronka Demografikorako Komisionatuaren koordinatzailea Gaztela-Mantxan.

Ekitaldiak bihar jarraituko du (ostirala), proiektuko bazkide europarrekin eta lurraldeko eragile nagusiekin: aukera izanen dute Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusia Despopulatzearen aurkako Estrategiarekin bat etorriz garatzen ari den proiektu berrienak sakon ezagutzeko.

Proiektu hori Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak zuzentzen du, eta Europar Batasuneko Lurralde Kohesiorako Funtsekin batera finantzatzen da, Interreg Europe programaren bidez. Proiektuaren helburua da Espainiako, Bulgariako, Estoniako eta Irlandako estatuetako, eskualdeetako eta tokiko administrazio publikoen gobernantza-gaitasunak hobetzea, horretarako lankidetza eta esperientzia trukatzearen bidez. Politika publikoak asmatzeko eta aplikatzeko modua hobetzea du helburu, herritarren eskubide-berdintasuna bermatzeko, bizi diren lekua edozein dela ere, eta desberdintasun ekonomiko eta sozialak zuzentzeko.