Europako Batzordeak epea ireki du Europako Bauhaus Berrian (EBB) inspiratutako berrikuntza eta sormena goraipatzen dituzten sarietarako hautagaiak aurkezteko: Europako Bauhaus Berria sarien seigarren edizioak eta Boost for Small Municipalities (EBBko udalerri txikientzako bultzada) sariaren bigarren edizioak Europako eta Europaz kanpoko aitzindariak gonbidatzen dituzte jasangarritasunaren, estetikaren eta inklusioaren balioekin bat datozen, herritarren bizitzan aldaketa positiboa ekarriko duten eta berrikuntza eta partaidetza hobetuko dituzten proiektuak aurkeztera.
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek honako hau adierazi du: «Europako Bauhaus Berria ideia huts bat izatetik mugimendu dinamiko bilakatzera igaro da. Gure etorkizunak dituen aukerak erakusten dituzte Europa osoko proiektuek: ederra, jasangarria eta inklusiboa. Beste urrats bat egin eta Europako Bauhaus Berria gure lehiakortasunaren agendan sendo finkatzeko garaia da, berrikuntza eta pentsamendu sortzailea bultzatzeko. Eta, testuinguru horretan, Europako Bauhaus Berriaren sariak funtsezko elementua dira».
2025eko edizioaren arrakasta oinarri gisa hartuta, jasangarritasuna, inklusioa eta bizi-kalitatea sustatzen dituzten proiektuak bilatzen ditu aurten ere Batzordeak. Izan ere, iaz, ereduzko 22 proiektu eta kontzeptu berritzaile saritu ziren, eta komunitateak sustaturiko 20 ekimenek jaso zuten Boost for Small Municipalities saria (EBBko udalerri txikientzako bultzada).
2026ko EBB sarietarako eta Boost for Small Municipalitieserako (EBBko udalerri txikientzako bultzada) hautagaiak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 17ko 19:00ak arte (Europako ordu zentrala) izanen da irekia. Bi sarietarako hautagaitzak Europako Bauhaus Berria sarien plataforma ofizialaren bidez aurkeztu behar dira. Hautagaiak aurkezteko prozesuari buruzko xehetasun guztiak hautagaitza-gidetan jasotzen dira, plataforman eskura daitezkeela biak ere.
2026ko EBB sarietako proiektu finalisten berri emanen da Europako Bauhaus Berriaren Jaialdiaren hirugarren edizioan (aurtengo ekainaren 9tik 13ra) eta irabazleak 2026ko udazkenean eginen den sari-banaketako ekitaldi espezifikoan iragarriko dira.
Informazio gehiago nahi izanez gero, ikus prentsa-oharra.