27 estatu kideek ostiral honetan adostu dute ikatzaren eta altzairuaren Europako ikerketa-funtsa aldatzeari buruz duten iritzia: EBk sektoreko ikerketak finantzatzeko erabiltzen duen tresna hori 2034 arte luzatu nahi dute; Europako Batzordeak iraupen txikiagoa proposatzen du, 2030 artekoa.
Kontseiluaren jarrera horri esker, urtean 120 milioi euro bideratzen ahalko dira sektore horietako ekoizpena modernizatzeko eta emisioak murrizteko ekimenetara, 800 milioi euroko inbertsio totala aurreikusten dela luzatutako aldian.
Funtsaren erreformak (Europako Parlamentuarekin negoziatu behar dute oraindik) laguntzak eskuratzeko baldintzak ere aldatzen ditu, eta Europako finantzaketa eskuragaia areagotzen du; modu horretan, kostuen % 70 bitarte estaltzen ahalko du enpresentzat eta % 100 bitarte ETE, startup eta unibertsitateentzat.
Kontseiluak tresnaren erreformaren inguruan duen iritzia ezarri du estatu kideek adostutako akordioak, zeina bi erabaki juridikotan egituratzen baita: Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa (IAEE) izandakotik jasotako finantza-aktiboen erabilera arautzen du batak, eta datozen urteetan izanen duen funtzionamendua gidatuko duten arau tekniko eta finantzarioak ezartzen ditu besteak.
IAEE ohiaren (2002an desagertua) aktiboek sortutako interesetatik elikatzen da funtsa; horri esker, oinarri juridiko propioarekin aritzen da, Europar Batasunaren zenbait urtetarako aurrekontutik kanpo.
Esparru juridiko berria behin betiko ezartzeko, formalki onetsi eta indarrean sartu aurretik (aurreikuspenen arabera, 2027an), Europako Parlamentuaren adostasuna beharko da erabakietako batean eta kontsulta bestean.