Eskualdeetako Komitean eta CORAI automobilgintzari buruzko taldearen ekitaldi batean parte hartu du
Nafarroako lehendakariak parte hartu du joan den asteazkeneko Eskualdeetako Komitearen osoko bilkuran eta Automobilen Industriaren Etorkizunari buruzko Eskualdeen Europako Komitearen (CORAI) eskualde arteko taldean, non Europar Batasunaren lehentasun instituzionalen eta politiken inguruan eztabaidatuko baita; besteak beste, automobilgintzaren sektorearen politikaren inguruan. Nafarroak ekosistemaren esparruan duen estrategia jarri du lehendakariak adibide gisa, eta nabarmendu ditu sektorearen trantsizioari eman zaion bultzada publikoa, elektrifikaziorako laguntza berriak, inbertsio pribatua eta balio-katearen hedapena.
Testuinguru horretan, nabarmendu du berak zuzentzen duen gobernuak sortu duela “berrikuntza-, talentu- eta prestakuntza-ekosistema bat, Hezkuntzarekin, unibertsitateekin, eragile berritzaileekin eta industriarekin batera”. Gainera, gogora ekarri du Nafarroak garapen jasangarriaren alde egiten duela, energia berriztagarriaren % 70 ekoizten duela eta administrazio publikoak laguntzak ematen dituela industria eta etxeak deskarbonizatzeko eta mugikortasun elektrikorako.
Lehendakariak azpimarratu duenez, “balio-kateak kontuan hartuz ari gara lanean. Automobil elektrikoarena zabaldu berri dugu, battery packen enpresa bat abiaraziz. Cluster espezializatuekin batera dihardugu, eta gure industriak hitzarmenak ditu langileekin, baldintza duinak bermatzeko eskubide eta soldatei dagokienez”. Hala, kontuan hartuz zer une erabakigarria bizi duen automobilgintzaren Europako industriak (13 milioi pertsona ingururi ematen die lana), lehendakariak esan du eskualdeei erabakitzeko eta exekutatzeko gaitasuna ematea bete-betean asmatzea dela, gertutasunak efikazago izateko ematen duelako. Horrenbestez, lehendakariak azaldu duenez, “eraldaketa orok tokikoa eta eskualdekoa ere izan behar du, arrakasta izateko”.
Lehendakariak automobilgintzari buruzko ponentzia espezifiko bat zuzenduko du, eta Eskualdeetako Komitera eramanen du aurten; hain zuzen, hilabete honetan hasiko dira lanak.
Asteazkenean egindako Eskualdeetako Komitearen bilkuran, gai-zerrendako zenbait irizpen eztabaidatzen eta onesten pare hartu zuen Nafarroako lehendakariak; hona hemen irizpen horiek: 2027tik aurrerako zenbait urtetarako finantza-esparruaren ingurukoa, kontratazio publikoari eta lehiakortasunaren ingurukoa eta erresilientzia hidrikoari buruzkoa.
Lehenik eta behin, lehendakariak adierazi zuen Nafarroak eskatzen duela “partaidetza, exekuzio-gaitasuna, handinahia eta ziurtasuna izanen dituen zenbait urtetarako finantza-esparru berri bat. Berrikuntzak, digitalizazioak eta jasangarritasunak izan behar dute Europako proiektuaren oinarriak, baita kohesio sozialak eta lurralde-kohesioak ere”. Eta, gainera, hau azaldu zuen: “Ez dugu indibidualismotik eraikitako Europa bat nahi: solidaritatean eta aurrerapen komunean oinarrituz eraikitako Europa nahi dugu. Gure proiektua sendoagoa izanen da elkarrekin lan egiten badugu”.
Bestalde, lehiakortasuna industria indartsu batekin eta garapen ekonomiko eta sozialean eta lurralde-garapenean beharrezkoa den bultzada publiko batekin lotu zuen, Clean Deal Industrial, Made in Europe eta “Europa berrindustrializatu eta balio erantsia eta eskala areagotzen lagunduko duten bestelako estrategia batzuekin”.
Lehiakortasunarekin jarraituz, lehendakariak nabarmendu zuen Europak erabaki garrantzitsuak hartu behar dituela eta “oraintxe bertan” egin behar duela hori. Bizi dugun testuinguru honetan, hiru ardatzen bidez (bakea, demokrazia eta trantsizio energetikoa) eredu garbi baterantz eta sektore estrategikoen balio-kateen lokalizazioan aurrera eginen duen Europa baketsu batekiko konpromisoa berretsi behar dugu. Hainbeste eragin ziguten etenaldiak ikusi genituen pandemian, eta ezin gara zaurgarriak izan autonomia estrategikoari dagokionez. Oinarri horrekin, Europa lehiakorragoa izanen da politikaren, industriaren eta energiaren arloetan. Eta oparotasunean lider den espazio bat izanen da munduan, gizarte- eta lurralde-kohesioan oinarrituta elkarrekin eraikitzen badugu.
Erresilientzia hidrikoari dagokionez, lehendakariak esan zuen aurrera egin behar dugula “kudeaketa integraleko, uraren zikloaren digitalizazioko eta biltegiratze eta banaketa arrazionalerako gaitasuna izanen duen eredu bat lortzeko bidean, baita ureztalurren modernizazioan eta beste alderdi batzuetan ere. Hori guztia lantzen dugu Nafarroan, eta gure hurrengo erronka da Nafarroako ubidea burutzea, Europako Inbertsio Bankuaren laguntzarekin, eskualde osoak kalitatezko ura izan dezan giza kontsumorako, industriarako eta lurra lantzeko”. Lehendakariak nabarmendu zuen Nafarroak, beste lurralde batzuek ez bezala, balioa, kalitatezko enplegua eta berrikuntza sortzen dituzten eta uraren eta energiaren kontsumoa arrazionalizatzen duten proiektuak hautatzen dituela bere estrategian.