Gai Orokorren Kontseiluaren bilkuran, Batzordeak eta Kontseiluko Presidentetzak Erresilientzia Demokratikorako Europako Zentro berriaren abiaraztea ospatzera gonbidatu ditu EBko ministroak. Demokraziaren Europako Ezkutuaren ekimen esanguratsu bat da Zentroa, eta haren helburua da gizarte osoaren parte-hartzearekin sentsibilizazioa areagotzeko, demokraziak gaur egun dituen mehatxuei erantzuteko eta erresilientzia demokratikoa areagotzeko ikuspegi sendotu bat eskaintzea.

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek honako hau esan du: «Informazioa gure demokrazien kalterako arma gisa gero eta gehiago erabiltzen den mundu honetan, neurriak hartzen ari gara. Erresilientzia Demokratikorako Europako Zentroari esker, desinformazioaren aurka eta atzerriko eragileek manipulatutako informazioaren aurka borrokatzeko dugun gaitasun kolektiboa hobetuko dugu. Modu horretan, gure erresilientzia indartuko dugu, Europan eztabaida publikoak irekia eta justua izaten jarraitzearen alde eginen dugu, eta bizitza demokratikoan parte hartzeko gaitasuna emanen diegu herritarrei».

Michael McGrath Demokrazia, Justizia, Zuzenbide Estatu eta Kontsumitzaileen Babeseko komisarioa EBko ministroekin eztabaidan arituko da gai hauen inguruan: Zentroak nola erraztu dezakeen ezagutzen eta esperientzien trukea eta nola laguntzen ahal duen mehatxu komunei erantzun efikazak ematen, europarrei emaitza ukigarriak eskaintzeko. Estatu kide guztiek Zentroa abiarazteagatik erakutsi duten interesak argi utzi du ekimenak premia garbi bati erantzuten diola. Malgutasunez abiaraziko da eta estatu kideen lehentasunen araberako gaitasunak garatzeko proiektu praktikoak landuko ditu. Gaur egungo ahaleginak zatikatzea prebenitzen lagunduko du Zentroak, eta informazioaren alorreko mehatxuen inguruko prebentzioa, detekzioa, azterketa eta erantzuteko aukerak dagoeneko lantzen ari diren egungo sare eta egiturak konektatu ditu, alderdi bakoitzak errazago aprobetxa dezan bere potentziala eta bikoizterik gerta ez dadin.

Erresilientzia Demokratikorako Europako Zentroa abiaraziz, beste urrats bat egin dugu erresilientzia demokratikoa indartzeari, eztabaida publikoaren integritatea babesteari eta Europako erregimen demokratikoekiko konfiantza sendotzeari dagokienez.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikus prentsa-oharra.