Nafarroa liderra da Europa Sortzaileak finantzatutako desinformazioaren, iruzur digitalen eta 65 urtetik gorako biztanleen esklusio digitalaren aurkako ekimenean.
María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak inauguratu du Europako Parlamentuan, Bruselan, INMERS Europako proiektua (International Media Literacy – Empowered Rural Seniors) abiarazteko bilkura ofiziala inauguratu du; Europa Sortzailea programak (CREA – Media Literacy) finantzatu du ekimena, eta haren helburua da Europako landa-inguruneetan bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen alfabetatze mediatikoa sendotzea. Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusia da proiektuaren burua.
Europako Eskualdeetako Komitearen esparruan egin da ekitaldia. Han izan dira partzuergoko kide guztiak (Nafarroakoak, Finlandiakoak eta Errumaniakoak) eta erakundeetako ordezkariak, hala nola Elena Sancho europarlamentari nafarra eta Idoia Mendia, Rosa Serrano eta Marcos Ros Europako Parlamentuko ordezkariak.
María Chivite lehendakariak azpimarratu duenez, “alfabetatze mediatikoa ez da teknologia-kontua, baizik demokraziarekin lotua”; adierazi du, halaber, “desinformaziozko, polarizaziozko eta iruzur digitalak zabaltzen ari diren testuinguru batean, adineko biztanleen gaitasun kritikoa indartzeak haien autonomia eta duintasuna” babesten dituela.
Lehendakariak nabarmendu duenez, “erakundeekiko eta egiazko informazioarekiko konfiantza egonkortasun demokratikorako funtsezko oinarrietako bat den une honetan, alfabetatze mediatikoa indartzeak Europa indartuko du. Aforismo batek dio gerra batean hiltzen den lehena egia dela. Eta lidergo iskanbilatsuak eta lehergailuen eta harropuzkeria diplomatikoaren bidez beren egia inposatzen ahal dutela uste duten inperioak nagusi diren garai nahasi hauetan, Ilustrazioaren Europa aldarrikatu nahi dut nik. Izan ere, mundu askearen itsasargia izan zen eta berriro ere gidari izatera deitua dago, munduan ez baitago espazio politikorik halako mailetara iritsi denik ongizatean, bizi-kalitatean, segurtasunean, justizia sozialean eta aurrerapenean. Aldarrika dezagun geure burua europar gisa, gure aniztasunean, hitzen indarrarekin. Lehergailuen zarataren aurka, demokrazia”.
Chivitek nabarmendu du, halaber, Nafarroak, Laponiak, Transilvaniak eta Europako beste eskualde batzuek dituzten egiturazko erronkak dituela INMERSek: biztanleriaren zahartzea, lurralde-sakabanatzea eta eten digitala, arreta berezia jarriz testuinguru eleaniztunetan.
Chivitek esan du lurralde-kohesioa eta kohesio digitala batera doazela: “Ezin gara Europa sendo batez mintzatu alde batera uzten baditugu informaziorako sarbidean akonpainamendu handiena behar dutenak”.
Proiektuak bi urtez lan eginen du hiru lurralde pilotutan —Nafarroa, Laponia eta Transilvania—, adinekoen alfabetatze mediatikoko maila diagnostikatzeko, desinformazioaren inguruko ahulguneak aztertzeko, prestakuntza-material egokituak diseinatzeko, lantegi praktikoak garatzeko eta alfabetatze mediatikoaren Europako gida bat lantzeko.
Bestalde, tokiko hezitzaileak prestatuko dira proiektuaren jasangarritasuna bermatzeko, ekintzen inpaktua ebaluatuko da eta emaitzak Europan zabalduko dira.
Ekitaldian izan dira Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiko ordezkariak, Nafarroako Unibertsitatekoak, Laponiako Unibertsitatekoak, Funky Citizens erakunde errumaniarrekoak, Nafarroako Kazetaritza Konstruktiboaren Institutukoak eta NASERTIC enpresa publikokoak; gainerako erakunde kolaboratzaileek online jarraitu dute ekitaldia.
Jardunaldiaren programa osatu dute erakundeen aurkezpenak, proiektuaren ikuspegi orokorrak, lan-paketeen azalpenek, datozen ekintza esanguratsuen definizioak eta exekuzio-egutegiak.
Nafarroa: liderra inpaktu soziala duten Europako proiektuetan
Chivitek, bere esku-hartzea burutzeko, azpimarratu du Europako programetan parte hartzeak aukera ematen duela politika publikoek duten inpaktua eskualdeetako mugez haratago zabaltzeko eta eskualdeen ahotsa digitalizazioari eta lurralde-kohesioari buruzko Europako eztabaidetan indartzeko.
Adierazi duenez, “Europa ez da hiriburuetan bakarrik eraikitzen, eskualdeetan ere eraikitzen da. Eta eraikuntza horretan aktiboki parte hartu nahi du Nafarroak”.
Europar Batasunak kofinantzatzen du INMERS, Creative Europe programaren esparruan eta haren helburua da adinekoen autonomia, parte-hartze soziala eta gaitasun kritikoa bultzatzea landa-inguruneetan.