Belaunaldiarteko ekitateari buruzko lehen estrategia hartu du Europako Batzordeak, epe luzera EBren politikak lantzearen inguruko aurreikuspenen filosofiarekin jarraitzeko, eta, aldi berean, gazteen ikuspuntu eta kezkei indar handiagoa emateko. EBren helburu orokorra da etorkizuna kontuan hartuz hartzea egungo erabakiak, onuren eta abantailen oreka justua lortze aldera belaunaldi guztien artean.
Estrategiak bat egiten du planifikazioari eta politikei dagokienez epe luzerako ikuspegiak hartzeko mundu mailan egiten diren ahaleginekin, Etorkizuneko belaunaldiei buruzko Nazio Batuen adierazpenean jasotzen denez. «Belaunaldiarteko kontratua» kontzeptuaren inguruan egituratzen da, zeinak hiru oinarri baititu:
- politika justuak lantzea, «gazteriaren ikuspegi kontrolatuz» eta prospektiba-tresnen bidez;
- adin-arrazoiak direla-eta diskriminatzeko arriskuari aurre egiteko aukera justuak;
- toki justuak, jaiotzen garen eskualdeak ez dezan pertsonen etorkizuna definitu.
Estrategiak epe luzerako ikuspegia du, aztertzen baitu erronka konplexuek nola eragiten dieten egungo belaunaldiei eta etorkizunekoei; hona hemen halako erronka batzuk: aldaketa demografikoa, aldaketa geopolitikoak, lan-merkatuko aldaketak, klima-aldaketa, digitalizazioa, adimen artifiziala, etab. Gainera, onartzen du alderdi horren irismena eta premia islatzen dituztela erronka horiek.
Helburu hori lortzeko, Estrategiak zenbait jarduketa ezartzen ditu; hona zein diren aipagarrienak:
- Belaunaldiarteko ekitatearen indizea, aukera eta hutsuneak detektatzeko, erabaki politikoak oinarritzeko eta belaunaldiarteko ekitatea bultzatzeko;
- Etorkizunera orientatutako politiken pakete eleaniztuna, etorkizuneko alfabetatzea garatzen laguntzeko EBko estatu kide guztietako administrazio publikoetan;
- foro demografiko bat antolatzea, demografiaren bilakaerari buruzko informazioa trukatzeko;
- Etorkizuneko Ahotsak ekimena, Eskualdeetako Komitearekin lankidetzan abiaraziko dena, beren eskualdeen etorkizuneko konfigurazioan parte hartzera gonbidatzeko toki- eta eskualde-erakundeak.
Estrategiak, bestalde, dagoeneko belaunaldiarteko ekitatea babesten ari diren EBren zenbait ekimenetarako orientazio komuna ematen du, izaera zeharkakoa duela erakutsiz.
Lehentasuna ematen zaio lehiakortasunari eta eredu sozial europar sendo bat sustatzeari. Hezkuntza inklusiboa, etxebizitza eskuragarria, laguntza-sistema sendoak, ingurumen-justizia eta bestelako elementu batzuk barnean hartuz, belaunaldiarteko ekitatea eremu politiko guztietan integratzen laguntzen du Estrategiak.
Mundu mailan, EBk eta kide dituen estatuek babestu zituzten Nazio Batuen Etorkizunerako Ituna eta Etorkizuneko Belaunaldiei buruzko Adierazpena, biek ere aldeaniztasunaren eta arauetan oinarritutako nazioarteko ordena bat sustatzearen garrantzia nabarmentzen dituztela.
2028an lantzekoa den egoera-txosten bat lagungarria izanen da Nazio Batuen Etorkizuneko Belaunaldien prozesurako.