Europako Batzordeak 200 milioi euroko estatuko laguntza-araubide bat onetsi du Espainian ibilgailu elektrikoen balio-katean fabrikazio-ahalmena handituko duten inbertsio estrategikoak laguntzeko, Industria Garbiaren aldeko Itunaren helburuekin bat etorriz. Neurri horrek lagunduko du zero emisio garbiko ekonomia lortzeko trantsizioan. Araubidea Industria Garbiaren aldeko Itunaren estatu-laguntzen esparruan onetsi da, zeina Batzordeak onetsi baitzuen 2025eko ekainaren 25ean.
Espainiak Batzordeari jakinarazi zion, Industria Garbiaren aldeko Itunaren estatu-laguntzen esparruko 6.1 sekzioari jarraikiz, 200 milioi euroko araubide bat fabrikazio-ahalmena handituko duten inbertsio estrategikoei laguntzeko, modu horretan, Industria Garbiaren aldeko Itunaren helburuen alde egiteko.
Araubidearen xedea da ekoizpenerako fabrikazio-ahalmena handituko duten inbertsioentzako laguntzak ematea, baita lehengai sekundarioekin, baterien eta energiaren biltegiratze-teknologiekin eta hidrogeno-teknologiekin ere, ibilgailu elektrikoetan erabiltze aldera. Araubideak laguntzak emanen ditu, halaber, teknologia horien osagai espezifiko nagusiaren fabrikaziorako eta beharrezko eta funtsezko lehengaiak ekoizteko eta berreskuratzeko. Araubide horren arabera, zuzeneko dirulaguntza gisa emanen dira laguntzak. Laguntzak Espainiako lurralde osoko enpresei ematen ahalko zaizkie, 2026ko ekainaren 30era arte.
Batzordeak egiaztatu du Espainiako araubidea bat datorrela Industria Garbiaren aldeko Itunaren estatu-laguntzen esparruan ezarritako baldintzekin. Batzordeak ondorioztatu du Espainiako araubidea beharrezkoa, egokia eta neurrikoa dela zero emisio garbiko ekonomia lortzeko trantsizioa bizkortzeko eta jarduera ekonomiko jakin batzuen garapena sustatzeko, bi-biak garrantzitsuak baitira Industria Garbiaren aldeko Ituna betetzeko. Hori guztia bat dator EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuko c) letrarekin, eta Industria Garbiaren aldeko Itunaren estatu-laguntzen esparruan ezarritako baldintzak betetzen ditu.
Hori oinarri hartuta, Batzordeak laguntza-araubidea onetsi du, EBko arauen arabera.