NAFARROA EGEF 2021-2027 programaren exekuzioa sendotu egin da 2025ean 19.333.880 euroren ziurtagiriekin eta lurraldean lagundutako 107 enpresa-proiekturekin. Hala egiaztatu du ostegun honetan 5. jarraipen-batzordeak, Iruñean, Iñigo Arruti Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak eta Anais Vega Ogasun Ministerioko EGEFeko Kudeaketako zuzendariorde nagusiak batera egindako bilkuran. Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Nagusiko ordezkariek ere parte hartu dute Komitean, baita Batzordea osatzen duten gainerako erakundeek eta EGEFek finantzatutako ekintzak dituzten Gobernuko departamentuek ere.
Programa estrategikoa Nafarroaren garapenerako
Nafarroako EGEF 2021-2027 programak 46.255.125 euroko diru-kopuru totala du, Europa lehiakor eta adimentsuagoa eta Europa berdeagoa lortzeko Europar Batasunaren helburu politikoetarako, batez ere. Kontzentrazio estrategiko horri esker, eraldaketa ekonomikorako, trantsizio ekologikorako eta lurralde-kohesiorako lehentasunezko eremuetan ardazten ahal da inbertsioa.
Komitearen bilkuran nabarmendu zenez, programa funtsezko tresna da Nafarroako enpresa-ehunaren lehiakortasuna indartzeko, berrikuntza sustatzeko, azpiegitura publikoak modernizatzeko eta garapen-eredu jasangarriago baterako bidean aurrera egiteko.
Exekuzio-egoera eta gastuaren ziurtapena
Bilkuraren esparruan, programaren exekuzio finantzario eta fisikoaren txosten eguneratua aurkeztu zen. 2025ean, 19.333.880 euro ziurtatu dira guztira, zeinek 6.298.660 euroko EGEF diru-sarrerak sortu baitituzte; hau da, programan onetsitako guztizkoaren % 14 (46.255.125 euroko diru-sarrerak), zeinak 2030 arte jasoko baitira. Zenbateko ziurtatu hori EGEF 21-27 programak babestutako 107 proiekturi dagokie.
EGEFekin batera finantzatutako proiekturako bisita
Jardunaldia burutzeko, sektore aeroespazialerako teknologia ekoizten duen Anteral enpresa (Uharte) bisitatu zen, zeinak EGEF funtsen bidez kofinantzaturiko zenbait jarduketa baititu, programa Nafarroan aplikatzearen erakusgarri. Bisita horri esker, Europako Batzordeko eta Ogasun Ministerioko ordezkariek aukera izan zuten bertatik bertara ezagutzeko Europaren finantzaketak duen eragina eta martxan dauden jarduketen aurrerapena ikusteko.
Jarraipen-batzordeak berresten du administrazio parte-hartzaileek duten konpromisoa EGEF funtsek Nafarroan dituzten emaitzetara bideratutako kudeaketa efikaz eta gardenarekin; modu horretan, bermatuko da Europako baliabideei esker egindako inbertsioek Foru Komunitatean berrikuntza, jasangarritasuna eta kohesioa bultzatzea.