Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak eta Ana Rivas Turismoko zuzendari nagusiak Industria eta Turismo Ministerioak eta autonomia erkidegoek turismo-sektorearen eraldaketa integrala eta jasangarria bultzatzeko Europako funtsen gauzatzearen azken tartea erraztea eta bizkortzea onesteko deitutako bileran parte hartu dute.
Espainiako Gobernuak Europako Batzordearekin izandako negoziazioaren ondorioz, funtsak osorik gauzatzeko epeak luzatzea eta mugarriak ziurtatzeko prozesua erraztea lortu da; horrela, 2026ko ekaina finkatu da turismo-jasangarritasuneko planak gauzatzeko azken data gisa.
Jordi Hereu Industria eta Turismo ministroak Gobernu zentralak elkarrizketaren, jarraipenaren eta laguntzaren alde duen konpromisoa nabarmendu du Espainiako turismo-sektorea modernizatzeko eta lehiakor izateko plana abian jartzeko; aurrekaririk gabeko plan horrek 3.400 milioi euroko zuzkidura du.
Era berean, efizientzia energetikoko programaren epeak ere luzatu dira (gauzatze-data 2026ko ekainera arte luzatuz), baita Azken Miliako edo erabilera turistikorako Ondare Historikoa Birgaitzeko norgehiagoka deialdienak ere.
Esnaola kontseilariak nabarmendu duenez, “Nafarroak onetsitako aldaketarik gabe ere betetzen zituen eskatutako mugarriak —izan ere, justifikazio-maila onena duen bigarren erkidegoa gara—; hala ere, aldaketa horrek malgutasun handiagoa ahalbidetuko du azken hilabete hauetako lanean, bereziki erakunde onuradunekin”.
Next Generation Europako funtsek 72 milioi euro inguruko inbertsioa dakarte gure Komunitatean, eta Helmugako Turismoko 16 Garapen Planetan (PSTD) gauzatzen dira. Plan horiei gehitzen zaizkie Turismo Zuzendaritza Nagusiaren ekimen propioak, helmugen arteko kohesio ekintza (ACD) deritzenak, Nafarroa landatarrean, Donejakue Bidean edota enogastronomian jartzen dutenak fokua, eta 17 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa dute ekintzok. Nafarroan, planak lurralde osoan zehar hedatzen dira eta Foru Komunitate osoko ehun udalerrira baino gehiagotara iristen dira, PSTD baten barruan sartutako 300 proiekturen bidez.