Nafarroak Europar Batasunarekin lotutako Gaietarako Biltzarraren 66. bileran parte hartu du
Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak maila anitzeko gobernantzaren eta kohesio-politikaren aldeko apustua egin du, eskualdeak indartzeko Urte anitzeko Finantza Esparruaren negoziazioetan eta Europaren eraikuntzan. Ildo horretan, Ollo lehendakariordeak azpimarratu duenez, “Nafarroak ez du bat egiten Batzordeak 2028-2034 Urte anitzeko Finantza Esparru berrirako egindako proposamenarekin, Europako funtsen jaitsiera eta kohesio-politiken ahultzea dakartzalako. Nafarroa bat dator Eskualdeetako Lantaldearen irizpenarekin eta Nafarroako Foru Komunitateak eta gainerako autonomia erkidegoek sinatutako Galizia Adierazpenarekin”.
Atzo Europar Batasunarekin lotutako Gaietarako Biltzarraren 66. bileran parte hartu zuen Ollok, eta eskatu zuen Europako erakundeetan planteamendu hori defenda dezatela araudien negoziazioan, bai Espainiako Gobernuak, bai Europako Parlamentuan ordezkatuta dauden talde politikoek. “Keztatzen gaitu birzentralizazio batek, hamarkadetan kohesio-politikak maila anitzeko gobernantza baten bidez jardun ondoren. Une hauek probestu behar ditugu eskualdeko eta tokiko erakundeen espezializazioa eta ahalduntzea sustatzeko. Bere ahotsa duen Nafarroa batek, zalantzarik gabe, kudeaketa demokratikoagoa, gardenagoa eta eraginkorragoa izaten laguntzen du”, adierazi du lehendakariordeak.
Horrez gain, Ollok azpimarratu nahi izan du Nafarroa ez datorrela bat kudeaketa partekaturako murrizketekin, NPBrekin, kohesio-funtsekin eta garapenerako programa gakoekin. Nekazaritza Politika Komunari dagokionez, “ezin da murrizketarik egon eta eskualdekotzea kontuan hartu behar da hura ezartzean –zehaztu du Ollok–. Gainera, gai garrantzitsuak jorratu behar ditu, hala nola elikagaien segurtasuna. Ezin da Europa ulertu elikagaien segurtasunik gabe. Beste gai batzuek ere keztatzen gaituzte, hala nola ekoizpen jasangarria, belaunaldi-aldaketa, lehiakortasuna, familia- zein lanbide-ustiategiei balioa ematea, nekazaritza berdea eta administrazioa erraztea. Horiek guztiak eskualdeko dimentsio batetik txertatu behar dira, eta eskualdeok maila anitzeko gobernantzaren funtsezko aktore izan behar dugu”.
Eskualdeak “ezinbesteko agenteak gara, lurraldea ezagutzen dugulako eta herritarrengandik hurbil gaudelako. Erakutsi dugu eraginkorragoak garela funtsen kudeaketan. Hori kontuan hartzen ez bada, herritarrak Europako proiektutik urruntzeko arriskua dugu, eta Europa bizi ari den une erabakigarri honetan, ezin dugu onartu hori gertatzea”, azpimarratu du Ollok.
Kanpo Ekintzaren II. Plana (2025-2028)
2025eko maiatzean Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kanpo Ekintzaren II. Plana (2025-2028) onetsi zuen; dokumentu horrek 3 ardatz ditu: Nafarroa Europan, Nafarroa Mugaz Gaindikoa eta Nafarroa Globala. Lehenengo ardatzaren barruan –“Nafarroa Europan”–, planak lan-ildo bat jasotzen du: Europar Batasunarekin lotutako Gaietarako Biltzarrean (CARUE) aktiboki parte hartzea.
Ollo lehendakariordeak Nafarroako ordezkari parte hartu du bertan; azken deialdia 2022an egin zen Leioan (Bizkaia).
Erkidegoen parte-hartzea
Sistema konstituzionalak autonomia erkidegoei esleitzen dizkie Europar Batasunean integratzearen ondorioz Batasuneko erakundeen erabakiek eragiten dieten eskuduntzak. Egoera horrek, politikoki deszentralizatuta dauden beste estatu kide batzuetan bezala, autonomia erkidegoek Batasuneko erakundeen aurrean estatu borondatea eratzen duten parte-hartzearen auzia sortu du.
Horregatik, joan den mendeko azken hamarkadatik, Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko hainbat lankidetza-tresna jarri dira martxan, autonomia erkidegoei eragiten dieten Europako gaietan beren parte-hartzea egituratzeko asmoz. Lankidetza-tresna horiek beste estatu kide batzuetan (Alemania, Austria edo Belgika, esaterako) praktikan jarritako jarduketen oso antzekoak dira.
Erkidegoen parte-hartze prozesua pixkanaka zabalduz joan da 1989an lehen bilera egin zuen Europar Batasunarekin lotutako Gaietarako Biltzarra (CARUE) sortu zenetik. Organo horrek 2010ean erabaki zuen bere lehengo izena (Europar Erkidegoekin lotutako Gaietarako Biltzarra – CARCE) aldatu eta egungoa jartzea: Europar Batasunarekin lotutako Gaietarako Biltzarra (CARUE).