Nafarroako Gobernuak, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiaren (Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentua) bitartez, Europako INMERS (International Media Literacy – Empowered Rural Seniors) proiektua zuzentzen du. Ekimena Europako Batzordearen Europa Sortzailea programaren bidez finantzatzen da, eta helburua da landa-eremuetako 65 urtetik gorako pertsonen alfabetatze mediatikoa hobetzea. Proiektuak bereziki kontuan hartuko ditu hainbat hizkuntzako bizikidetza-lurraldeak, gizarte digitalean adinekoen autonomia, pentsamendu kritikoa eta parte-hartze aktiboa indartzeko.

Partzuergoak nazioarteko izaera du; hala, partzuergo horren parte dira Nafarroako Foru Komunitateko, Finlandiako eta Errumaniako erreferentziazko entitateak, besteak beste: NASERTIC, Nafarroako Unibertsitatea, Laponiako Unibertsitatea, Funky Citizens errumaniar erakundea eta Nafarroako Kazetaritza Eraikitzailearen Institutua.

Lantalde horren erakunde elkartu gisa Ukrainako Hedabideen Institutua eta Estoniako Liburutegi Nazionala daude, alfabetatze mediatikoan eta desinformazioaren aurkako borrokan duten esperientzia partekatzeko.

Javier Remírez lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak adierazi duenez, “proiektuak Nafarroa Europako erreferente gisa kokatzen du herritar kritiko eta informatuak sustatzeari begira, arrakala digitalari eta desinformazioari gizarte-, lurralde- eta berdintasun-ikuspegitik helduz eta landa-ingurunean bizi diren adinekoei arreta berezia eskainiz”.

INMERS 24 hilabetez garatuko da Nafarroan, Laponian (Finlandia) eta Transilvanian (Errumania). Lurralde horiek egiturazko erronkak partekatzen dituzte, hala nola biztanleriaren zahartzea, lurralde-sakabanaketa eta hainbat hizkuntza dauden landa-ingurunean baliabide digitalak eta informatiboak eskuratzeko zailtasunak. Nafarroan, proiektuak euskara txertatuko du lan-hizkuntza gisa, eta Laponian samiera eta Transilvanian hungariera sartuko dira.

Proiektuak alfabetatze mediatikoan jartzen du arreta, gizarte digitalean adinekoen autonomia pertsonala, pentsamendu kritikoa eta parte-hartzea indartzeko funtsezko tresna gisa.

Ekimenak 499.835,26 euroko aurrekontua du guztira. Horietatik 349.388,86 euro Europako Batzordeak finantzatuko ditu, Europa Sortzailea programaren bitartez, hau da, baterako finantzaketaren % 70. Aurrekontuaren gainerakoa partzuergoko erakunde bazkideek jarriko dute.

Diagnostikoa, prestakuntza eta baterako sorkuntza
Administrazioen, unibertsitateen eta gizarte zibilaren arteko aliantza horrek, lehen fasean, lurralde parte-hartzaileetako adinekoen alfabetatze mediatikoaren beharrei buruzko diagnostiko espezifikoak egitea aurreikusten du, bai eta azterketa konparatua egitea ere Europa mailan. Azterlan horiek oinarri hartuta, egungo gizartearen bi erronkari —alegia, arrakala digitalari eta desinformazioari— aurre egiteko aurrez aurreko prestakuntza-lantegiak diseinatuko dira eskualde bakoitzaren ezaugarri soziolinguistiko eta kulturaletara egokituta.

Proiektuaren emaitza nagusietako bat Alfabetatze Mediatikorako Europako Gida bat sortzea izanen da. Gida hori baterako sorkuntzako prozesu baten bidez garatuko da, eta adinekoek, hezitzaileek eta tokiko eragileek parte hartuko dute. Gida hainbat hizkuntzatara itzuliko da, lurralde parte-hartzaileetako hizkuntzak barne, Europako beste eskualde batzuetan eskuragarri dagoela eta erreplikagarria dela bermatzeko.

Proiektuak barne hartzen du, halaber, hezitzaileak prestatzea, ekintzen jarraitutasuna bermatzeko proiektua burutzen denean ere eta etorkizunean beste landa-testuinguru batzuetan ezartzea errazteko.

Nafarroa, berrikuntza sozial eta demokratikoko erreferente
INMERS proiektuaren bidez, Nafarroako Gobernuak berrikuntza sozialeko, berdintasuneko eta lurralde-kohesioko politikekiko duen konpromisoa indartu du. Politika horiek 2030 Agendarekin bat datoz, desinformazioaren aurka borrokatzeko eta demokrazia indartzeko Europako estrategia.

Proiektuak, gainera, aukera emanen du bere ondorioak eta jardunbide egokiak Europako foroetan aplikatzeko, hala nola Eskualdeetako Europako Lantaldean, adinekoen alfabetatze mediatikoa Europako politika publikoen muinean jartzen lagunduz.