Nafarroako BPG nominalarekiko hezkuntza-gastuaren bilakaera etengabe hazi da 2021etik gaur egunera arte. Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak jakitera eman du hezkuntza-gastuan egindako inbertsioa Foru Komunitateko BPGaren % 3,76koa izanen dela 2026an. Ehuneko horrek goranzko joera izan du 2021az geroztik, Departamentuaren inbertsio-ahalegin handiari esker (44 milioi euroko aurrekontua ezarri da aurtengo ekitaldirako).

Joan den asteburuan irakasleen sindikatu batzuek zabaldutako kalkuluei aurka egin die Gimenok; izan ere, 2025eko ehunekoarekiko 2026an hiru hamarreneko jaitsiera egon dela adierazi zuten. Kontseilariak zifra horiek ukatu egin ditu, kalkulatzeko sindikatuek ez baitzituzten ordainsarien azken igoerak —horietako bat 2025ean ordaindu zen— kontuan hartu; izan ere, oraindik ez zeuden Hezkuntzako aurrekontuan txertatuta, baina orain gastu handiago gisa sartu dira. Kreditu hori, departamentuaren hasierako aurrekontuan sartu ez zen inbertsio-programaren 2026ko inbertsioarekin batera, 36 milioi euro baino gehiago dira, eta kontuan hartu behar dira aurrekontu-ekitaldien arteko analisi konparatiboak egiteko.

Hezkuntzak Nafarroako BPGarekiko hezkuntza-gastuaren inbertsioaren urteko bilakaera ezagutarazi du, eta goranzko joera duela azpimarratu: 2021ean % 3,49 zen, eta 2026an, berriz, % 3,76.

Gimenok azaldu duenez, Nafarroak Europako funtsetatik (SEM eta REACT, batez ere) eta Estatuko funtsetatik (COVID-19, 2022ra arte) jasotako zenbatekoek aldatu egin dute BPGarekiko hezkuntza-ehunekoa, hezkuntza-gastu global handiagoa ahalbidetuz baina urteetan zehar gastu horren bilakaera aztertzea zailduz. Europako eta Estatuko funtsek finantzatutako 67,4 milioi euroko kreditua jasotzetik (2021ean), 2025ean 47,6 milioi eta 2026an 4 milioi baino gutxiago jasotzera igaro da.

Hezkuntza Departamentuak 2021etik 2026ra Nafarroako Aurrekontu Orokorretan Hezkuntzan eta Unibertsitateetan egindako gastu bateratuari buruzko datuak jakinarazi ditu, Nafarroako Gobernutik kanpoko funtsen zuzkidurak alde batera utzita. 2021ean, hezkuntza-gastua 774 milioi eurokoa izan zen guztira, eta 2026an, berriz, 1.103 milioi eurokoa. Hezkuntza Departamentuaren gastua soilik kontuan hartuta, gastu bateratua 697 milioi eurokoa izan zen 2021ean, eta 2026an, berriz, 988 milioi eurokoa.

Argi eta garbi azaltzeko zergatik den beharrezkoa datuak gastu arruntera egokitzea (alegia, Nafarroako Gobernutik kanpoko funtsak kentzea), 2025. eta 2026. urteak har ditzakegu adibide gisa. Kontseilariak azaldu duenez, “hezkuntza-gastua 1.106 milioi eurokoa izan da 2025ean, eta 2026an 1.107 milioi eurokoa izatea espero da, hau da, milioi bat euro gehiago, baina, jasotako funtsen eragina alde batera uzten badugu, igoera 44 milioi eurokoa izan da, 1.059 milioi eurotik 1.103 milioira, Hezkuntza Departamentuaren funts propioetatik”. 2021az geroztik, 329 milioi eurotan handitu da gastu arrunta. “Nafarroako Gobernuak hezkuntza publikoaren aldeko politika sendo eta irmoa ezarri du eta inbertsio handia egin du, eta hori argi eta garbi islatzen da gure konpromiso ekonomikoan”, adierazi du Gimenok.

Funtsak pixkanaka desagertzearen ondorioz, Nafarroako Gobernuak hezkuntza-gastuaren zuzkidura arrunta handitu du, jaitsiera konpentsatzeko eta BPG nominalarekiko hezkuntza-gastuaren erlazioa mantendu edo, are, handitu ahal izateko.