Bruselan egindako ekitaldi batean, Europako bazkideen ordezkariek hausnarketa egin dute toki-agintariek eta eragileek energia berdeen esparruan duten ahalduntzeari buruz.
Nafarroako Gobernuak, bazkide den aldetik, aste honetan bertan Bruselan egin den Plan4CET (Trantsizio Energetiko Garbirako Plangintza) Europako proiektuaren hondarreko ekitaldian parte hartu du. Jardunaldiak balio izan du eskualde eta erakunde europarren arteko bi urte eta erdiko lankidetza-lanaren ondoren lortutako ondorioak, ikasitakoak eta arrakasta-kasuak partekatzeko.
Plan4CET proiektuaren helburua izan da toki eta Europa mailako energia- eta klima-plangintza indartzea, administrazio publikoei lagunduz trantsizio energetiko bidezko eta jasangarri baterantz aurrera egiteko politika eraginkorrak diseinatzen eta hedatzen. Nafarroaren kasuan, proiektuan parte hartu dute Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak, NASUVINSAk eta Zabala Innovationek, eta esperientziak trukatzen eta lurralde-eremutik klima-ekintza bizkortzeko tresnak eta metodologiak garatzen lagundu dute.
Jardunaldia energia eta klima arloan tokiko irtenbideak bilatzen dituzten profesional guztiei zuzenduta egon da, baita tokiko eta eskualdeko agintariei, udalerriei eta haien talde teknikoei ere. Bestalde, ekitaldia energia- eta klima-agentziei zuzenduta egon da, energia garbirako trantsizioan ekarpena areagotu nahi baitute.
Bruselan «Learn, Plan, Act» lelopean egindako hondarreko ekitaldian, proiektuaren emaitza nagusiak aurkeztu ziren, baita Plan4CETen eta antzeko beste Europako proiektu batzuen esparruan bultzatutako esperientzia praktikoak eta tokiko irtenbideak ere. Programak Europako Batzordeko Energia Zuzendaritza Nagusiak emandako hasierako hitzaldia (Guus Van de Schouwen eskutik), lankidetzako lan-saioak, tokiko energia- eta klima-irtenbideen etorkizunari buruzko eztabaida-mahaia eta parte-hartzaileen arteko networking-erako gunea izan ditu.
Ekitaldian inplikatutako eskualdeetako hizlariak izan dira, eta proiektuaren bidez lortutako arrakasta-kasuak eta ikasitakoak aurkeztu dituzte. Nafarroari dagokionez, Enara Rabina del Rio izan da bertan, Bidaurretako (Nafarroa) alkate, eta Maider Arregui Osés eta Jon López Lumbreras, Nafarroako Gobernuko Trantsizio Energetikoko Zerbitzuko teknikari.
Hondarreko ekitaldi horretan parte hartuta, Nafarroak bere aletxoa jarri nahi izan du ezagutza ekintza bihurtzeko eta, bide horretatik, toki-agintariak ahaldundu daitezen etorkizun jasangarriago eta erresilienteago bati forma emateko.
Proiektuari buruz
Plan4CET proiektua Nafarroako Gobernua buru duen partzuergo batek gauzatzen du, Energiaren, Enpresa I+G+B-aren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez. Gainera, Iruñeko Udalak, NASUVINSAk eta ZABALA Innovation aholkularitza enpresak ere parte hartzen dute. Gainerako erakundeak Italiako Emilia Romagna eskualdekoak (Comunne di Parma, Province di Parma, EURAC ikerketa pribatuko zentroa, Parmako Energia Agentzia eta Emiglia Romanako Agentzia), Suediako Skäne eskualdekoak (SKÄNE energia agentzia) eta Belgikakoak (FEDERANE, Europako Energia Agentzien Elkartea) dira.
Plan4CETren finantzazioan Europar Batasuneko LIFE programak parte hartzen du, eta energia eta klima arloan espezializatutako hainbat eskualdek eta erakundek hartu dute parte. Nafarroako Gobernuak proiektuaren garapena babestu du, bai ikuspuntu teknikotik bai finantzariotik, trantsizio energetikoarekin, ekonomiaren deskarbonizazioarekin eta klima-aldaketari aurre egiteko tokiko gaitasunak indartzearekin duen konpromisoarekin bat etorriz.
Proiektuaren aurrekontua, guztira, 1,5 milioi eurokoa da; horietatik 270.000 euro Nafarroako Gobernuak berak gauzatutako ekintzetarako izanen dira, 163.000 euro NASUVINSArentzat izanen dira, 138.000 euro Zabalarentzat eta 90.000 euro Iruñeko Udalarentzat.
Informazio gehiago nahi izanez gero, honako esteka hau kontsulta daiteke, edo helbide elektroniko honen bidez jarri harremanetan: serviciotransicionenergetica@navarra.es.