Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak ziurtatu duenez, “Txinaren industria-bultzadaren aurrean, Nafarroak oinarrizko pieza guztiak ditu ibilgailu elektrikoranzko trantsizioari erabakitasunez aurre egiteko”. Hala adierazi du “Automozioa, bidegurutzean” jardunaldian. Jardunaldi horrek automozioaren foru industriari lotutako 65 parte-hartzaile baino gehiago bildu ditu Nafarroako Baluarte Biltzar Jauregian eta Auditorioan, Iruñean.
Irujok adierazi duenez, halaber, “testuinguru geopolitiko oso konplexu batek baldintzatutako agertoki batean, Europa azken hamarkadetako industria- eta teknologia-erronkarik handienaren aurrean dago”. Era berean, nabarmendu duenez, errealitate horren aurrean “Nafarroak beharrezko industria-erabakiak hartu ditu ibilgailu elektrikoaren fabrikazioa gure lurraldean egin ahal izatea bermatzeko”. Neurri horien artean, sektoreko tokiko aktore nagusiek azken urteotan egindako hainbat inbertsio zerrendatu ditu, guztira 1.300 milioi eurotik gora. Kopuru horren zati bat, adibidez, Volkswagenek 2023ko otsailean iragarri zituen 1.024 milioiei dagokie, Landabenek aurten bertan hasita bi modelo elektriko ekoitzi ahal izan ditzan.
Era berean, kontseilariak Gestampek 2024ko otsailean osagaien estanpaziorako eta mihiztadurarako onetsitako 57 milioi euroak nabarmendu ditu. Baita Mobis korear multinazionalak ibilgailu elektrikoentzako bateria-zelulak mihiztatzeko instalazioa martxan jartzeko bideratutako 214 milioi euroak ere; planta hori laster hasiko da jardunean Imarkoaineko Garraio Hirian duen kokapenean. Zentzu horretan, Irujok nabarmendu duenez, azken hori “Nafarroan mende honetan izandako bigarren enpresa-inbertsiorik handiena” da.
Mikel Irujoren arabera, “Nafarroaren etorkizuna auto elektrikoa Foru Komunitatean bertan fabrikatzetik pasatzen da”. Eta hori bermatzeko, haren ustez, egindako inbertsioei esker Foru Komunitateak “ibilgailu elektrikoari lotutako industria-ekosistema bat izateko oinarrizko piezen puzzlea osatu ahal izan du, 120 hornitzaile baino gehiagok osatua”.
Bi adituren analisia
Ondoren, Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa zuzendari eta Deusto Business Schooleko katedradunak hartu du parte, ‘Nafarroa trantsizio demografiko, berde eta digitalaren aurrean: industria-lehiakortasunerako eta enplegurako gakoak’ izenburuko hitzaldiarekin. Bere hitzaldian nabarmendu duenez, “Nafarroak aldi bereko hiru trantsiziori (demografikoa, berdea eta digitala) egin behar die aurre, eta horrek industria-agenda koherente bat eratzera behartzen du, lehiakortasuna eta enplegua zaindu nahi badira”. Ildo horretan, adierazi duenez, industria-lehiakortasuna “energia, teknologia eta pertsonak sinkronizatzeko gaitasunean erabakitzen da”.
Arlo demografikoan, katedradunak ohartarazi du lan-oinarriaren murrizketak datozen urteetako hazkunde-gaitasuna baldintza dezakeela. Adierazi du, gainera, afiliazio-piramideak belaunaldi-txandaketarako eta ezagutza tazitua galtzeko arriskua erakusten duela, enplegua tarteko adin-tarteetan pilatuta dagoelako eta oinarri gaztea estuagoa delako. Testuinguru horretan, azpimarratu duenez, hazkundeak “pertsona faltarekin talka egin dezake”, baldin eta hainbat palanka aktibatzen ez badira, hala nola enplegu-tasa handitzea, produktibitatea hobetzea eta talentua erakartzea eta atxikitzea, profil teknikoei zuzendutako birkualifikazio-prozesuekin batera.
Trantsizio berdeari dagokionez, Madariagak nabarmendu du Nafarroak energia berriztagarrietan duen abantaila erlatiboa, nahiz eta ohartarazi 2030eko helburuak oraindik bete beharreko tarte garrantzitsua duela. Energia-menpekotasuna industriarentzat kostu- eta arrisku-faktorea dela ere azpimarratu du, eta, horregatik, sarean, baimenetan, efizientzian eta malgutasunean oinarritutako energia lehiakorra bizkortzeko eskatu du. Arlo digitalean, Nafarroak kokapen orokor ona duela adierazi du, baina arrakalak daudela ETE-etan eta aplikatutako talentuan. Ondorio gisa, Laboral Kutxako Ikerketa zuzendariak etorkizuneko Industria Plana sei palanka operatiboren inguruan eratzea proposatu du: talentua erakartzea, atxikitzea eta birkualifikatzea; energia lehiakorra bizkortzea; ETE-etan hedapen digitala eskalatzea; automozioaren balio-katea birkokatzea; berrikuntza aplikatua sustatzea; eta lurralde-batasunari lotutako bidezko trantsizioa bermatzea.
Bestalde, German Economic Instituteko senior economist den Thomas Pulsek, ‘Europa autoaren lasterketa galtzen ari al da? Erregulazioa, elektrifikazioa eta industria-lehiakortasuna’ izeneko hitzaldian azaldu duenez, Europa “ekaitz perfektu bati” aurre egiten ari zaio automozioaren sektorean, baina zehaztu du eraldaketa ez dela bat-bateko gertakaria, duela hamarkada batzuetatik hona garatzen ari den prozesua baizik. Horri buruz, Pulsek esan du turismo-ibilgailuen Europako merkatuak egiturazko ahultasuna duela duela urte batzuetatik hona, eta horrek kontinentearen industria-eskala mugatzen duela. Gainera, autoaren grabitate-zentroa Asiarantz desplazatu dela azpimarratu du, han pilatzen baita munduko ibilgailuen ekoizpenaren ia % 60.
Testuinguru horretan, ekonomialariak azaldu du Alemaniak Europako beste herrialde batzuek baino portaera erlatibo hobea izan duela ekoizpenari eta esportazioari dagokienez, baina uste du egungo erronkak aurreko zikloetakoak ez bezalako eremu batean jokatzen direla. Hor, Pulsek adierazi du elektrifikazioak ekoizpenari eusten lagundu duela azken urteotan, baina mundu mailako lehiakortasuna gogortu egin dela esan du, batez ere Txinaren lidergoagatik. “Auto elektrikoen bi heren Txinan erregistratzen dira dagoeneko”, adierazi du, eta merkatu-eskala hori industria-ikaskuntzarako gaitasun eta abantaila lehiakor bihurtzen dela azpimarratu du.
Hori dela eta, Pulsen aburuz, Europarentzako erronka ez da ibilgailuen salmentara mugatzen; aitzitik hornidura-kateari eta ekoizpen-eredu berriaren kontrol teknologikoari ere eragiten dio. Bere analisian, Txinako konpainiek baterien fabrikazioan duten nagusitasuna eta mineral kritikoen fintzean duten posizio estrategikoa nabarmendu ditu, kostuak eta industria-segurtasuna baldintzatzen dituzten elementuak biak. Era berean, ibilgailu autonomoaren garapena “hurrengo jauzi handi” gisa kokatu du eta berrikuntza erabakigarria izanen dela ondorioztatu du: “Europa lekua galtzen ari da”, ohartarazi du. Horregatik, I+Gko inbertsioa eta gaitasun teknologikoa indartzeko eskatu du, sektorearen industria-lehiakortasunari eusteko.
Mahai-ingurua
Jardunaldia ‘Europako estrategiatik fabrikara: industria-erronkak eta erabakiak Nafarroan’ mahai-inguruarekin osatu da. Bertan parte hartu dute Michael Hobusch VW Nafarroako lehendakariak; Julián Jiménez Nafarroako Automozioaren Klusterreko (ACAN) lehendakariordeak; eta Txus Pintor Mugikortasun eta Mekatronika Zentroko (NAITEC) zuzendari nagusiak.
Hobuschek adierazi du Europako automozioaren industriak bat eginda aurre egin behar diela nazioarteko lehiakortasun gero eta handiagoak (batez ere Txinatik datorrenak) dakartzan erronkei. Ildo horretan, Hobuschek Europako industria-sarea nola babestu eta kudeatu definitzeko beharra azpimarratu du, bere ustez “defendatu egin behar dugu, industriarik gabe ez baitago ongizaterik gure gizarteentzat”.
Bestalde, Jiménezen aburuz, sektoreak ibilgailu elektrikoaren teknologia gidatzeko erronka bere gain hartu behar du, Europa bere lehiakideen aldean “atzean geratu dela” onartu ondoren. Era berean, adierazi du lehiakortasunak barne-faktoreetan eragitea eskatzen duela, hala nola kostuetan, absentismoan eta operazioetako energia-kontsumoan, eta gizartearen, administrazioaren eta enpresen arteko konpromiso partekatua eskatu du. “Elkarrekin lan egin behar dugu eta automozioan ekosistema bat sortu, hobetzeko aukerarik galduko ez dena”, adierazi du, balioa eman dezakeen guztia industria-katean sartu behar dela azpimarratuz.
Azkenik, Pintorrek adierazi du sektorea ziurgabetasunak baldintzatutako egoera bat iragaten ari dela, eta horrek eztabaidarako eta hausnarketarako guneak irekitzera behartzen duela, ziurgabetasun hori ahalik eta gehien murrizteko. Pintorrek adierazi du, administrazioaren laguntza beharrezkoa bada ere, erronka ez dela laguntzetara mugatzen, modu koordinatuan jarduteko gaitasunera baizik. “Elkarrekin joan behar dugu”, azpimarratu du, eta gaineratu du Nafarroak ahalmen garrantzitsua duela teknologian eta trebakuntzan, eta hori aprobetxatzen jakin behar duela industria-eraldaketan duen posizioa indartzeko.