Klima aldaketari buruzko LIFE-IP NAdapta-CC proiektu europar integratuaren erakusketa ibiltariak Nafarroan barrena eginen du berriro bidaia. 2025ean izandako arrakastaren ondoren, urte horretan 3.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu baitzuten erakusketa foru geografian zehar ikusgai egon zen 33 tokietako batean, erakusketa hartu edo informazio gehiago jaso nahi duten erakundeek berriro eska dezakete helbide elektroniko honen bidez: cambioclimatico@navarra.es.
Erakusketaren helburua da herritarrek hurbiletik ezagutzea klima-aldaketak dagoeneko Nafarroan nola eragiten duen eta horren eraginetara egokitzeko zer ekintza zehatz egiten ari garen. Ibilbide bisual eta didaktiko baten bidez, erakusketak erronka global baten aurrean bertatik jarduteko beharra azpimarratzen du.
Hamar informazio-panelek osatzen dute, eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez dago eskuragarri. Erakusketak klima-aldaketak Nafarroan dituen ondorio nagusien ikuspegi argia eta ulerterraza eskaintzen du, bai eta Nafarroako Gobernuak klima-aldaketaren eraginei aurrea hartzeko eta horiek murrizteko bultzatutako estrategia eta neurriena ere.
Erakusketaren jatorria LIFE-IP NAdapta-CC da. Klima-aldaketara egokitzeko arloko lehenbiziko LIFE proiektu europar integratua da, Nafarroan garatu da oso-osorik eta erreferente bihurtu da Espainian eta Europan.
2017an martxan jarri zenetik 2025era arte, 53 ekintza jarri dira abian, eta, horiei esker, indartu egin da Foru Komunitateak muturreko klima-fenomenoei aurre egiteko duen gaitasuna. Halaber, Nafarroako gizartearen hainbat mailari klima-aldaketari buruzko prestakuntza, informazioa eta sentsibilizazioa eman zaie. Egun, nahiz eta erakusketa jada akitu den, jardueraren zati batek aurrera jarraitzen du, Nafarroako Klima Aldaketaren Bulegoa buru duen proiektu ondoko planari jarraikiz (After LIFE Plana).